Matrikulazio-epea zabaldu du AEK-k

Aikor aldizkaria 2023ko ira. 5a, 11:31

Ikasturte berria laster hasiko dela eta “Euskara hurbil, zu urrun heltzeko” lelopean, matrikulazio-epea aurkeztu berri du AEK-k. Gogora ekarri dutenez, 100 euskaltegi baino gehiago dago Euskal Herri osoan –haietako bat Derion bertan–, eta haien bidea beste hamaika herritara iristen da AEK, baita euskara ikasi nahi duten enpresa eta elkarteetara. Gainera, aurrez aurreko eskolez gainera, onlineko ikastaroak ere eskaintzen dira eta, ondorioz, herritarra dagoen txokoraino heltzen da.

“Beraz, hurbil, herritarrak urrun heltzeko; euskarak zabalduko dizkien ateen bidez urrun helduko direlako. Halaber, AEK-ko irakasleak ikasleen ondoan daude, haien bidelagun izan nahi dute, eta euren onena eskainiko diete”. Aurkezpen-ekitaldian azaldu zutenez, “euskara ikasi-hobetu nahi duten herritarren gogoak hortxe dirau, eta ikasle-irakasleen ahaleginari esker aurrera egin dugu euskalduntze-prozesuan. Zinez espero dugu euskaltegietara herritar gehiago hurbiltzea. Herritarrek AEKn hainbat aukera dute urrian hasiko den ikasturtean”.

Bestalde, azpimarratu dute erakunde askok euskara ikasteko dirulaguntzak ematen dituztela. “B2ra arteko prozesua doakoa da Euskal Autonomia Erkidegoan, maila euskaltegian nahiz deialdi ofizialetan lortuz gero. Iaztik aukerak zabaldu dira eta C1 mailara iritsiko da, kasu horretan 30 urtetik beherakoentzat. Ildo beretik, 16-18 urtekoentzat C1 maila prestatzeko dirulaguntza berria zabaldu da. Nafarroan laguntzak zertxobait emendatu dira eta Iparraldean ere euskara ikasteko diru-partida dago. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu herritarrek aukera horien berri edukitzea, euskarara, euskaltegietara, hurbiltzeko ezinbesteko osagaia direlako”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).