Bertsolariak eta bertsozaleak Baserri Antzokian batuko dira irailaren 23an

Aikor aldizkaria 2023ko ira. 6a, 12:26

Geuretik Geuretzat ekimena da bertsolari, bertsogile eta bertsozaleen topaketa eta jaia, eta aurten Txorierriko Baserri Antzokian batuko dira irailaren 23an. Topaketan izen handiko bertsolariak izango dira, hala nola Xebastian Lizaso, Andoni Egaña, Etxahun Lekue, Onintza Enbeita eta Jone Uria. Egitarau zabala antolatu da egun horretarako, eta txartelak 30 euroan erosi daitezke Baserri Antzokian bertan, irailaren 19ra arte.  

Baserri Antzokitik abiatuta, ibilbide historikoa eta kulturala egingo da 11:00etan. Ondoren, 13:00etan, ongietorria egingo zaie parte-hartzaileei Baserri Antzokian, eta lehen bertso-saioa izango da. Bazkaria 15:00etan izango da eta haren ondoren ere egongo da bertso-saioa, bertso-paperak eta abarreko ekintzak.

Bertsolarien eta bertsozaleen topaketa Antzuolan egin zen lehen aldiz duela zenbait urte; gero, Zumaian eta Zerainen, eta aurten Derion izango da, Txorierriko Baserri Antzokian, hain zuzen. Datu bat ematearren: iaz hainbat belaunalditako 90 lagun batu ziren Zerainen; beraz, espero da Baserri Antzokian ere bertso-giro polita egotea. Informazio gehiagorako, telefono-zenbaki hauetara jo daiteke: 672 078 004 (Asier) eta 634 401 580 (Iratxe).