300 ikasle inguru autobus-zerbitzu barik

Aikor aldizkaria 2023ko ira. 11a, 12:33

Joan den eguenean hasi zen ikasturtea, eta Bizkaiko eta Arabako familia askorentzat ez zen modu onean hasi. Izan ere, ikasleak ikastetxeetara eramaten dituzten autobus-enpresa batzuek zerbitzurik ez ematea erabaki dute, ez daudelako ados Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ezarritako baldintza ekonomikoekin. Alde biek ez dira ados jartzen, eta ondorioz, ehunka ikasle zerbitzu barik daude; Txorierrin 302 ume inguru dira.  

Auziak eragina du Loiutik Sondikako eskolara autobusez joaten diren 38 umeengan; herriko auzoetatik Lezamako eskolara joaten diren 40 umeengan; eta Morgatik eta Goikoelexaldetik Larrabetzuko eskolara joaten diren 24 umeengan. Institutuari dagokionez, bertan zazpi lineak eskaintzen dute garraio-zerbitzua eta momentu honetan bakarrik hiru dabiltza zerbitzua ematen: B9949 – Larrabetzu – Lezama – Zamudio; B9914 – Sondika; eta B9916 – Sondika (Gorondaganetik). Zerbitzua ematen ez duten lineak hauek dira: B9981 – Morga – Larrabetzu; B9950 – Lezama; B9986 – Loiu – Sondika; eta B9915 – Zamudio. Institutuaren kasuan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 200 ikasle inguru daude autobus-zerbitzu barik.

Ikastetxeek jakinarazi dutenez, ez dute Hezkuntza Sailetik berririk izan, eta ez dakite arazoa noiz konponduko den. Bitartean, haserrea nagusi da familien artean, eta ikasle bakoitza ahal duen moduan hurbiltzen da eskolara, esaterako, autoan edo garraio publikoan. Guraso batzuk ere antolatu dira seme-alabak eskolara txandaka eramateko.      

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).