Industriaren eraldaketa digitala errazten du Politeknika Txorierrik

Aikor aldizkaria 2023ko urr. 9a, 12:03

Joan den astean, DTAM (Digital Transformation In Advanced Manufacturing) nazioarteko proiektuaren azken konferentzia egin zen Politeknika Txorierrin. Proiektuak Espainiako, Herbehereetako, Italiako, Greziako eta Bulgariako 10 erakunde biltzen ditu, eta bere helburua da industria-sektorearen digitalizazioa hobetzeko prestakuntza ematea.

Prestakuntza bereziki enpresa txiki eta ertainei (ETE) eta ikastetxeei dago zuzenduta; izan ere, digitalizazioan espezializatutako profil teknikoen eskaera handia dago, eta ETEek ez dute langileak arlo horretan trebatzeko baliabiderik. Ikastaroak sei prestakuntza-modulu ditu, modu independentean, online eta autoebaluazio-sistema baten bidez egin ahal direnak. Besteak beste, jorratzen dira teknologia digitalak, sensorika, big data, machine learning-a, zibersegurtasun industriala eta zeharkako gaitasunak. Horrezaz gainera, DTAMek ikasketa-plana zehaztu du, Europar Batasuneko teknikariak fabrikazio adimendunean tresna digitalak hedatzen trebatzeko. Metodologia zein prestakuntza daude ikastetxeen eta enpresen eskura, euren prestakuntza- eta berrikuntza-prozesuei laguntzeko.    

Politeknika Txorierrik prestakuntza dagoeneko ezarri du programa hauetako ikasleen curriculumaren baitan: Industriaren Eraldaketa Digitala eta Telekomunikazio eta Informatika Sistemak. Azken programa horretako ikasleek, adibidez, Italiako ikasleekin batera sortu zuten industria-datuak jasotzeko sistema  bat, eta datuen zibersegurtasuna landu.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).