Eskola-kirolean izena emateko epea urriaren 23ra arte dago zabalik

Aikor aldizkaria 2023ko urriaren 9a

Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak Bizkaiko Eskola Kirolaren 2023-2024 denboraldia aurkeztu zuten barikuan, urriak 6. Bizkaiak 8.119 leku eskaintzen ditu aurten, eta orotara 62 lehiaketa-jarduera eta 229 hastapen- eta jolas-ikastaro egongo dira. Izena ematea urriaren 23ra arte egin daiteke www.bizkaia.eus/eskolakirola webgunearen bidez. Iaz, 42.000 ikaslek baino gehiagok hartu zuten parte programan, eta aurten Foru Aldundiak 1.630.000 euro bideratuko ditu hara.   

Bizkaiko Foru Aldundiaren helburua da ikasleen artean kirol-ohitura sortzea, hezkuntza-balio positiboak eta bizimodu osasungarria sustatuz. Horretarako, ikastetxeen eta kirol-kluben arteko lankidetza sustatzen du, eta kirol-eskaintza inklusiboa eta genero-berdintasunarekiko errespetuzkoa izango dela bermatu. Bestalde, saskibaloira, eskubaloira eta errugbira zabalduko da txartel beltzaren erabilera, hitzezko edo indarkeria fisikoa edo kiroltasunaren aurkako jarrerak zigortzeko.