Gurasolagun egitasmoa martxan

Aikor aldizkaria 2023ko urr. 11a, 12:30

Aurtengo ikasturtean ere Gurasolagun egitasmoa ipiniko da martxan. Gurasoentzako programa da Gurasolagun, eta bere helburua da eskola bukatu ondoren gurasoak eta umeak parkean biltzea, euskaraz egin dezaten. Nolanahi ere, gurasoek ez dute euskara oso ondo jakin behar, programaren arduradunek adierazi dutenez, “euskara lasai praktikatzeko guneak eskaini nahi dira, euskaraz eroso, lagun-giroan eta seme-alabekin aritzeko”.

Programaren xedeen artean daude euskara gehiago erabiltzea, etxeko hizkuntza euskara izatea, seme-alabekin euskaraz hitz egitea, euskaraz egiteko ohitura galduz gero, hura berreskuratzea, ikastea eta jakin-maila hobetzea; euskaraz bizitzea, azken batean. “Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan dabiltzan umeen gurasoentzako egitasmoa da, izan ere, umeentzat oso garrantzitsua da gurasoek ere ahalegina egin eta euskaraz egiten dutela ikustea”.

Gurasolagunen taldeak oso txikiak dira, lauzpabost lagunek ostatutakoak. Gutxienez, astean behin eta ordubetez elkartzen dira. “Taldeek non batu erabakitzeko aukera duten arren, eskolaren inguruan elkartu daitezela da helburua, eskolako jolastokian, auzoko parkean… Egitasmoan umeekin batera hartu dezakete parte”.  Horri lotuta, bi modu daude gurasolagun izateko: euskara praktikatuz (baldintza da komunikatzeko maila nahikoa izatea); eta gainerako gurasoei euskara praktikatzen lagunduz. Informazio gehiagorako, 747 447 579 telefono-zenbakira deitu daiteke, edo berbalagun.txorierri@gmail.com helbide elektronikora deitu.

Gurasolagun egitasmoa Txorierriko Mankomunitateak antolatzen du hauen laguntzarekin: TOTOAN Txorierriko Euskara Elkarteen Federazioa, Txorierriko Udal-euskaltegia eta Txepetxa AEK euskaltegia. Egitasmoa babesten dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Euskaltzaleen Topaguneak.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).