Garraio publikoan deskontu progresiboen sistema ezartzeko asmoa du Aldundiak

Aikor aldizkaria 2023ko urr. 26a, 11:22

Sonia Pérez Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko diputatuak atzo Gerediagako Batzar Etxean egindako Kontrolerako Batzar Nagusian esan zuenez, “Bizkaiko Foru Aldundiak lan egingo du lurraldeko garraio publikoan deskontu progresiboen sistema bat ezartzeko, erabiltzaile bakoitzaren erabileraren eta egoera pertsonalaren arabera”.

Bere esanetan, “gaur egun indarrean dauden neurri koiunturalez haratago, Aldundiaren asmoa da neurri estrukturalak lantzen jarraitzea, erabileraren ohikotasun-irizpideak ezarriko dituen eta errenta kontuan hartuko duen tarifa-sistema baterako bidean, deskontu-sistema progresibo bat aplika dadin erabiltzaile bakoitzaren erabileraren eta egoera pertsonalaren arabera”. Azaldu moduan, ekimen hori Eusko Legebiltzarrean eta Bizkaiko Batzar Nagusietan hartutako zenbait erabakitan oinarritzen da, baina, abian jartzeko, "beharrezkoa izango da Bizkaiko Mugikortasun Agintaritzaren barruan ere lan egitea, Euskadiko Garraio Agintaritzarekin lankidetzan, kontuan hartuta Bizkaiko operadore desberdinen artean lan egin behar dela sistema horretan sakonduko duen dokumentu bat egiteko"

Perezek azpimarratu moduan, deskontuetan oinarritutako tarifa-integrazioa sistemarik bidezkoena da. “Izan ere, garraio publikoaren erabilera intentsiboa saritzen du eta eskuragarriago egiten du errenta txikiena duten pertsonentzat eta premia bereziak dituzten kolektiboentzat, hala nola gazteentzat, adinekoentzat, familia ugarientzat edo desgaitasuna dutenentzat”. Era berean, gogora ekarri zuenez, "Bizkaian bidaiarien garraio publikoaren arloan eskumenak dituzten erakunde asko daudela, zein bere operadorearekin, tarifa-sistemekin, guneekin, txartel-aukerekin eta prezioekin. Formula hori konplexuagoa da laguntzak sortzeko, garatzeko eta haien ezarpena kudeatzeko orduan, baina horixe aukeratu du Euskadik sistema estrukturala izan dadin. Eta horretan dihardugu lanean”.

Bestalde, esan zuen “garraio publikoari aplikatzen ari zaizkion tarifen deskontuak eraginkorrak izaten ari direla, bai pandemiaren ondoren eskaria berreskuratzeko, bai Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko eta inflazioak familien ekonomian dituen ondorioak arintzeko”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).