Gau Beltzaren zain

a: Lekittoko Deabruak 2023ko urr. 27a, 10:43

Arimen Gauaren edo Gau Beltzaren atarian gaudela, elkarteek eta erakundeek egitarau sorta zabala antolatu dute, herritar guztiak urteko gaurik beldurgarrienaz gozatzeko. Besteak beste, tailerrak, musika, txokolate-jana, mozorro-lehiaketa, kalejira eta erromeria izango dira urriaren 31ko gauan.

Sondikan, esaterako, festa egingo dute 18:00etatik 20:30era Ikurrina enparantzan. Altzora euskara elkarteak eta Garrasia talde feministak antolatuta, umeentzako tailerrak izango dira bertan, hala nola maskarak margotzea, kalabazak, istorioak kontatzea, photocall eta beldurrak erretzea. Mozorro lehiaketa ere egingo dute eta sariak banatuko dituzte antzinako eran mozorrotzen direnen artean. Eguna biribiltzeko, txokolate-jana egongo da. Sondikako Udalaren eta herriko zenbait dendaren laguntza izan dute ekintzak aurrera ateratzeko

Udalak antolatuta, 19:00etan txokolate-jana izango da Derioko kaleen artean, eta Bayo Showa herriko kaleetan ibiliko da; herriko tabernetan gozokiak banatuko dira. Gainera, 21:30etik 01:00etara festa egingo da kiroldegiko frontoian, 2006. urtetik 2009. urtera bitartean jaiotakoentzat. Beste batzuen artean, kopaua, dj-a eta sariak egongo dira. Gainera, 00:00etatik 01:00etara doako gaubusa-zerbitzua egongo da etxera itzultzeko. Izena ematea Gaztelekuan egin behar da: bariku eta zapatuetan, 18:00etatik 22:00etara, eta domeketan, 18:00etatik 21:00etara.    

Kantareluxek, Zizegorrik, Lagunandrek eta sukaldaritza-ikastaroetako parte-hartzaileek lagunduta, hainbat ekintza antolatu ditu Zamudioko Udalak Gau Beltzarako. Agirre Lehendakariaren plazan, 19:00etatik aurrera izango dira musika, mozorro-desfilea eta -lehiaketa, gaztaina erreak eta bizkotxoa. Mozorro-lehiaketari dagokionez, hiru kategoria egongo dira: 2006ra arte jaioak, 2007-2014 jaioak eta 2015-2013 jaioak. Kategoria bakoitzeko hiru sari banatuko dira: 80 euro, 60 euro eta 40 euro. Izena ematea urriaren 30era arte egin daiteke www.zamudio.eus webgunean eta ADI Zamudio aplikazioaren bidez.

Zorrizketan euskara elkartearen eta Lezamako Udalaren eskutik, hainbat tailer izango dira herriko plazan, 17:00etatik aurrera, eta 19:00etan beldurrak erreko dituzte. Euria bada, ekintzak frontoian egingo dira. Azkenik, Larrabetzuko Kulturbilguneak antolatuta eta hango udalak babestuta, 17:00etatik aurrera kalabazak hustuko dira plazan, danborrak prestatu, aurpegia margotu eta kalea apaindu. Ondoren, ziri edo sari jolasa izango da eta 20:00etan, Lekittoko Deabruek girotuta, kalejira hasiko da Errebaletik. Eguna biribiltzeko, 21.30ean, erromeria izango da Hori Bai gaztetxean, Gauargi taldearen eskutik.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).