Sukaldean
Hostorik samurrenak, freskoenak era gazteenak entsaladetan erabili daitezke beste landare batzuekin batera; hala ere, purea egiteko erabili daitezke, edo olio apur batean salteatu. Hostoetatik C bitaminan oso aberatsa den zukua atera daiteke. Bestalde, loreak maiatzetik abuztura bitartean batzen dira, eta apaingarri moduan erabili.
Barneko erabilera medizinalak
Eragin idorgarriak ditu, hanturaren kontrakoak eta analgesikoak. Zientifikoki egiaztatu denez, baliagarria da beherakoak eta urdaileko eta sabeleko minak arintzeko, baita hileko mingarriak arintzeko ere, bereziki kalanbreak ere izaten badira (infusioa edan). Landare hau aho-hanturak eta hortzoietako odol-galera arintzeko ere baliagarria da.
Infusioa: ur litro batean 30 g hosto irakingo ditugu 10-15 minutuan. Anginarik edo aho-hanturarik izanez gero, infusio kontzentratuagoa egin dezakegu, eta gargarak egiteko erabili: ur litro batean 50-60 g hosto irakin, 3 minutuan egosi, iragazi eta gargarak egin.
Kanpoko erabilera medizinalak
Oso eraginkorra da hemorroideak arintzeko; modu bitan egin daiteke:
- Infusioa bederatzi egunean hartu; hobeto barautan. Hemorroidea oso handia bada, atsedena hartu behar da astebetez, eta gero infusioa berriro bederatzi egunean hartu.
- Garbitzeko erabili: infusio kontzentratua egin, eta hozten denean, hemorroidea garbitzeko erabiliko dugu. Nahi beste egunetan egin daiteke garbiketa.
Erabilera kosmetikoak
Larruazal-narritadurak arintzeko, infusio kontzentratua erabili dezake larruazala garbitzeko. Beste landare batzuekin batera erabili daiteke, zauriak osatzeko ukenduak prestatzeko. Zimurren kontrako kremak egiteko ere erabiltzen da; larruazal delikatu edo sentikorrentzat ere onuragarria da.
Kontraindikazioak
Heste minberaren sindromea dutenek kontu handiz ibili behar dute bostorria hartzeko orduan, minak areagotu ditzake eta.