Artxandako tunelak modernizatzeko lanak ekaina aldera hasiko dira

Aikor aldizkaria 2023ko aza. 28a, 14:08

Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak jakinarazi duenez, gaur bertan lizitaziora atera dira Artxandako tunelak konpontzeko eta modernizatzeko lanak. Bizkaiko Foru Aldundiak 17,5 milioi euro zuzenduko ditu lanetara eta espero da ekainean hastea. Konpontze-lanak zatika eta jarraian egingo dira: lehenengo, Ugasko eta La Salve lotzen dituen tunelean; gero, Ugasko eta Txorierri lotzen dituenean; eta azkenik, La Salve eta Txorierri lotzen dituenean.

Azpiegitura 2002an ipini zen martxan. Pradalesek azaldu moduan, “estrategikoa da hiriburuaren inguruko mugikortasunerako, Bilbo lotzen baitu Txorierrirekin, aireportuarekin eta Bizkaiko Teknologia Parkearekin”. Egunero batez beste 30.000 ibilgailuk erabiltzen dituzte tunelak: Ugasko-La Salve, 8.194 ibilgailuk; Ugasko-Txorierri, 5.926k; eta La Salve-Txorierri, 15.709k.

Diputatuaren esanetan, azken urteetan hainbat auditoretzetan eta azterlanetan jaso da azpiegitura konpontzeko beharra. “Patologia batzuk ikusi dira antzinatasungatik eta erabilera intentsiboagatik, hala nola pitzadura txikiak, hezetasuna eta narriadurak estaldurako hormigoietan. Gainera, 20 urte hauetan teknologia zaharkituz joan da eta beharrezkoa da hura azken segurtasun-arauetara egokitzea”.  Bestalde, jarduketa konplexua dela azpimarratu du. “Denbora luze eman dugu gaiari nola heldu aztertzen, harik eta jarduketa-plana eduki dugun arte, tunelak konpontzeko beharrizanari kostuan eta epean erantzun orekatua eman ahal izateko, betiere erabiltzaileen segurtasuna arriskuan jarri gabe eta kalteak gutxituta”.   

Tunel bakoitza erabat itxiko da hilabetez, obra-fase bakoitzaren hasieran. Ondoren, lanak gauez eta asteburuetan egingo dira, “eraginak ahalik eta gehien murrizteko eta inbertsioaren kostuak eta denborak optimizatzeko”.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).