Euskal Herriko mugimendu feministak greba feminista orokorrera deitu du biharko, azaroak 30, zaintza-sistema publikoa eta komunitarioa aldarrikatzeko. Txorierriko talde feministek egitarau komuna prestatu dute. Hala, goizean auto-karabana egingo dute. Hitzordua 10:15ean ipini dute Loiuko sagardotegian, autoak apaintzeko, eta handik karabanan irtengo dira eta Txorierriko herri guztiak zeharkatuko dituzte Larrabetzura ailegatzeko. Bertan elkarretaratzea egingo dute, eta horren ostean, bazkari autogestionatua. Azkenik, 16:37an Lezamatik aterako den trena hartuko dute elkarrekin Bilboko manifestaziora joateko.
Bestalde, egitarau komunaz gainera, talde feminista batzuek ekintzak ere antolatu dituzte bihar goizerako. Koxak Derioko talde feministak, esaterako, gosaria egingo du 09:00etan, Marikobaso Espazioan. Zapata Gorriak Zamudioko talde feministaren kideak auto-karabanan irtengo dira 07:00etan Kotxozulotik, eta 09:00etan gosaria izango dute Kultura Etxeko plazan. Moreak Lezamako talde feministak gosari autogestionatua egingo du 09:00etan, herriko plazan.
Grebaren erdigunean zaintza-lanak daude, eta besteak beste aldarrikatuko dira zaintza-sistema publikoa eta komunitarioa eta zaintzan dabiltzan langileen baldintzak duintzea. Grebara emakumeei ez ezik gizonei ere deitu diete, “zaintza guztioi dagokigun ardura delako”.