Txorierriko mugimendu feministak auto-karabana antolatu zuen goizean eta horretan 60 autok baino gehiagok hartu zuen parte; auto-karabanaren ondorioz, trafikoa moteldu zen. Piketeak ere izan ziren eta Zamudion edukiontziak irauli ziren errepidean. Bestalde, auto-karabanak geldialdia egin zuen Sondikako eta Zamudioko zahar-egoitzetan eta hango langileei lore-sortak eman zizkieten elkartasuna adierazteko. Era berean, txistu egin zuten Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitatearen egoitzaren aurrean, etxez etxeko laguntza-zerbitzuaren (SAD) langileen egoera salatzeko, haiei elkartasuna adierazteko, SAD zerbitzu-publikoa eskatzeko eta zaintzekin negoziorik ez egitea aldarrikatzeko. Ekitaldi nagusia Larrabetzun egin zuten. Bertan, hainbat lagun batu ziren elkarretaratzea egiteko; manifestazioa ere egin zuten zaintza-sistema publikoaren eta komunitarioaren alde.
Arratsaldean manifestazio jendetsua izan zen Bilbon. Euskal Herriko mugimendu feministaren kideen esanetan, egun historikoa izan zen atzokoa eta instituzioak premiatu zituzten sektoreen arteko mahaia osatzera zaintzen arazoari premiaz heltzeko.