Nerea Ibarzabal Salegik txapela lortu du

Aikor aldizkaria 2023ko abe. 18a, 09:10

Bilbao Arena bertsozalez beteta izan zen zapatuan, 4.400 pertsonatik gora, Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala gozatzeko. Buruz burukoan Nerea Ibarzabal Salegik eta Jone Uria Albizurik kantatu zuten, eta txapela Ibarzabalek eskuratu zuen azkenean.

Zortzi bertsolari ibili ziren finalean: aipatutakoez gainera, Xabat Galletebeitia Abaroa, Gorka Pagonabarraga Agorria, Onintza Enbeita Maguregi, Oihana Bartra Arenas, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola eta Aissa Intxausti Aburruza. Hainbat ariketa egin ondoren, Ibarzabal eta Uria ailegatu ziren buruz burukora, eta txapela lehenak jantzi zuen Begoña Iturriza Zabalaren eskutik.