Aurtengo edizioan, lekua egin dugu txotxongiloen eta gauzen euskal konpainia profesionalak elkarrekin egoteko eta kezkak eta iritziak partekatzeko. Helburua izan da konpainiak animatzea era sektorialean heltzeko moduko interes eta beharrizan komunak eta kolektiboak dituen gune artistiko eta profesional bat sortzera. Gonbidatu ditugun konpainien artean, bi azpimarratu nahi ditugu: Hegoafrikako Janni Young Co, dantza garaikide afrikarra eta txotxongiloen antzerkia uztartzen dituen Orígenes ikuskizuna aurkeztu zuena; eta Andaluziako Espejo Negro taldea, Cris, pequeña valiente formatu handiko ikuskizunaren bidez LGTBI gaien errealitate sozialera hurbildu gintuena.
Jaialdia ohiko lekuetan egin da, hala nola Campos Antzokiko Cúpula Aretoan, Deustuko La Fundición aretoan eta Bilboko zenbait auzotako hiritar-zentroetan. Aldi berean, emanaldiak izan dira Bizkaiko hainbat herritan; esaterako, Derion, Lezaman eta Larrabetzun.
Derioko emanaldia, hain zuzen, publiko orokorrarentzat izan zen eta Emaús Gizarte Fundazioaren PAI Bitartean eguneko zentroan egin zen; Argentinako Maletas Mágicas konpainiak bere ikuskizuna aurkeztu zuen bertan. BilbaoTXfestibalak eta Emausek kolaborazio-hitzarmena dute sinatuta, eta emanaldia akordio horren baitan egin zen. Gainera, hitzarmena dela eta, eguneko zentroko erabiltzaileak izan ziren Janni Young konpainiak Campos Antzokian egindako emanaldian eta itzal-teatro tailerra egin zuten.
Arte eszeniko hau maite eta errespetatzen dugun boluntariook osatzen dugu BilbaoTXfestibalaren zuzendaritza- eta produkzio-taldea, eta profesionaltasunez egiten dugu lan, kulturan egindako inbertsio publikoa oso-osorik herritarren onurako izan dadin. Hortaz, Emaús Gizarte Fundazioari eskertzen diogu egindako kolaborazioa, beharrezkoa baita txotxongiloen antzerkia Deriora hurbiltzeko. Eskerrik asko.