Gabonetako menua

a: Pexels 2023ko abe. 21a, 08:51

Kardua almendra-saltsan

Osagaiak (lau lagunentzat):

-500 g kardu (freskoa bada, aurretik garbitu eta egosi)

-100 g almendra gordin

-50 g pinazi

-3 berakatz-atal

-2 koilarakadatxo arto-irin

-250 ml esne

-Gatza eta piperbeltz beltza

-Olioa

 

Prestatzeko era:

Almendra eta pinaziak ehoko ditugu, eta gorde. Kazola batean olioa ipini, eta berakatza-atalak, txikituta, gorrituko ditugu. Ondoren, arto-irina gehituko dugu, eta minutu batean eragin. Almendra- eta pinazi-irina bota, eta dena ondo nahasiko dugu. Esnea botako dugu era eragingo dugu harik eta saltsa krematsua lortu arte. Gatza eta piperbeltza bota, eta kardu-zatiak gehituko ditugu; su motelean izango dugu hiru minutuan, eta emeki eragingo dugu, kardo-zatiak saltsaz ondo blaitu daitezen. Salta lodi badago, ur apur bat bota dezakegu. Bero-bero aterako dugu mahaira. Nahi izanez gero, pinazi txigortuak erabili ditzakegu platera apaintzeko.     

 

Bakailaoa azalorearekin

Osagaiak (lau lagunentzat):

-4 bakailao-trontzo garbi

-Azalore txiki bat

-2 patata ertain

-4 berakatz-atal

-2 tipula

-2 koilarakadatxo piperrauts gozo

-10 ml sagar-ozpin edo sagardo

-Gatza

-Olioa

-Perrexil freskoa (txikituta)

 

Prestatzeko era:

Azalore-sortak ebaki, garbitu eta sikatuko ditugu. Patatak ere garbituko ditugu, zuritu, eta xerratan ebakiko ditugu. Era berean, tipula juliana eran txikituko dugu, eta berakatzak xafletan moztu. Zartagin batean olioa bota, eta bertan berakatzak gorrituko ditugu apur bat. Tipula gehituko dugu, eta gatz apur bat; eragin, eta arin frijituko dugu, samur-samur egon arte. Sutatik kenduko dugu, eta ozpina eta piperrautsa gehitu; eragin eta gordeko dugu. 

Bestetik, kazola zabal batean ura berotuko dugu. Patatak eta azalorea gehituko ditugu. Gatza bota, estalkia ipini, eta egosten utziko dugu, harik eta patatak eta azalorea samur egon arte (adi ibili beharko dugu, desegin ez daitezen). Ondoren, bakailaoa gehituko dugu, estalkia ipini, eta minutu gutxi batzuetan izango dugu sutan, arraina eginda egon arte. Berakatzak eta piperrautsak botako ditugu, eta kazola mugituko dugu, olio errea kazola osora zabaldu dadin. Sutatik kendu, eta minutu pare batean izango dugu jalkitzen. Perrexilaz apainduko dugu.

 

Piku-ogia

Osagaiak:

-500 g piku siku

-50 g intxaur

-100 g almendra

-100 g irin

-5 koilarakada esne

-Kopakada txiki bat anis

-Margarina (moldea igurtzeko)

 

Prestatzeko era:

Pikuak eta almendrak txikituko ditugu eta irinarekin nahastuko ditugu katilu batean. Intxaurrak ere txikituko ditugu, eta katilura bota; anisa eta esnea gehituko ditugu. Dena ondo nahastuko dugu. Molde bat margarinaz igurtzi, eta bertara botako dugu nahasia. Aluminio-paperaz estaliko dugu, eta labera sartuko dugu 160 gradutan 30 minutuan. Eginda dagoenean, epeltzen utziko dugu, eta moldetik atera.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).