KORRIKA goizean ailegatuko da Txorierrira. Aurreikuspenen arabera, 09:35ean sartuko da Erandiogoikora eta gure eskualdean hurrengo ibilbide hau egingo du: Sondika (09:57) – Loiu (10:13) – Derio (10:20) – Zamudio (10:45) – Lezama (11:07) – Larrabetzu (11:30).
Lekuko aldaketak, bestalde, leku hauetan egingo dira: Erandiogoikoa: Kukularrako errotonda, Arriaga plaza, Altzaga Goikoa 86 eta Avanzada errepidea 31; Sondika: Asua plaza, Asua errepidea 23B (aireportua), Txorierri etorbidea 8, Goiri plaza eta Berreteaga (bus-geltokia); Loiu: Txorierri etorbidea 6 (Larrondogaina) eta Larrabarri (bus-geltokia); Derio: Txorierri etorbidea 35, Txepetxa euskaltegia, Euskal Herria 6, Politeknika Txorierri eta Baserri Antzokia; Zamudio: suhiltzaileak, Kadaltso baserria, Arteaga-San Martin z/g, Arbolantxa 5, Zamarripa plaza eta eskola; Lezama: Larragoiti (bus-geltokia), Kurtzeko ermita, frontoia eta Iberre (BI-3713); eta Larrabetzu: industrialdea, Kiskibile (BI-3713), futbol-zelaia, plaza, Sarrikola 34 eta Urkulu baserria.
Guztira 2.700 kilometroko lasterketa izango da eta ibilbidearen xehetasunak KORRIKA aplikazioan bertan zein webgunean (www.korrika.eus) kontsultatu daitezke. Kilometroak erreserbatzeko aukera, berriz, otsailaren 1ean zabalduko da.
Euskal Herrian zehar
Ohiturari jarraikiz, aurreko KORRIKA amaitu zen herrialde berean hasiko da oraingoa: Gipuzkoan, hain zuzen ere. Aurkezpen-egunean iragarri bezala, Irunek emango dio hasiera, eta bertako San Juan plazatik abiatuko da, arratsaldeko lauretan. Lehendabiziko egunean, Gipuzkoa eta Lapurdi artean ibiliko da KORRIKA, eta azken lurralde horretan arratsaldeko bostak pasatxo sartuko da, Hendaiatik. Hala, Lapurdin emango du lehendabiziko eguna, eta bertan egongo da ordu txikiak arte, Nafarroa Beherean murgildu arte, Donoztiritik. Gau berean, Zuberoara igaroko da eta, bertako hiriburua zeharkatu ondoren, berriro itzuliko da Nafarroa Beherera.
Martxoaren 15ean, barikua, Nafarroara egingo du jauzi KORRIKAk Azkarate herritik, eta bertan emango du asteburu osoa. Bortzirietatik hasita, Pirinioak izango ditu helburu, eta handik hegoaldera egingo du, Iruñera arratsaldeko bostak eta laurdenetan heltzeko. Hiriburua utzita, Erriberako norabidea hartuko du; gero, iparralderantz egin eta, Lodosa zein Lizarra atzean utzita, Arabako lurretan sartuko da Mendialdetik.
Martxoaren 18an, beraz, Araba aldez alde zeharkatuko du, eta Gasteiza arratsaldeko zazpi eta erdietan ailegatuko da. Hala, gaueko hamarretan, Arabako hiriburuko alde zaharraren txanda izango da KORRIKAri harrera egin eta jarraipena emateko. Ondoren, Lautadara abiatuko da, goizeko ordu bietan bere herriburura, Agurainera, helduta. Ordurako, martxoak 19, martitzena, izango da, eta egun horretako egunsentiarekin batera utziko du KORRIKAk Araba, Nafarroako Sakanan sartzeko, Ziorditik; Altsasu, Bakaiku, Etxarri Aranatz,Irurtzun... eskuz esku ibiliko da lekukoa, eta Gipuzkoa izango da hurrengo herrialdea.
Leitza eta Goizueta atzean utzirik —azken herri horretatik KORRIKA ez zen igaroa 2009tik—, Hernanitik sartuko dira korrikalariak 20:20 aldera. Hortaz, aurreikuspenek kale egin ezean, martxoaren 20ko eguaztena izango da lasterketa Gipuzkoako kostaldera heltzerako; gaueko hamabiak aldera iritsiko da itsasertzera: ordurako, Oriora helduta egongo da, ondoren Zarautz eta Zumaiara jarraitzeko asmoz.
Tipi-tapa! Atsedenik hartu gabe, Debagoiena izango da hurrengo helmuga, handik Debabarrenera jarraitzeko: Bergara, Elgeta, Eibar, Elgoibar... Goiz osoa Gipuzkoan eman eta gero, Mutrikuk esango dio “hurrena arte” egun eta lurralde horietan, 14:11n.
Bizkaiko kostaldetik asko aldendu gabe ibiliko da ondoren: Ondarroa, Lekeitio, Elantxobe... Gernikan 23:04an agertu arte. Itsasaldetik berriro ere gehiegi urrutiratu barik, martxoak 21, osteguna, izango da Bermeora heldutakoan, gaueko 01:31n. Egun horretan ailegatuko, bestalde, Bilbora, ia bostetan puntuan: 16:59an. Ondoren, Ezkerraldea zeharkatu du, eta, gerora, Meatzalde eskualderantz joko du, non 23:15 eta 02:00 bitarte ibiliko den.
Hurrengo eguna ere, martxoak 22, Bizkaian emango du KORRIKAk, nahiz eta une batez Araban sartuko den, Artziniega eta Aiaraldea bisitatzeko. Otxandio izango da Bizkaiko azken herria, dagoeneko, martxoak 23, larunbatean, 00:12an. Asteburua helduta, iparralderantz joko du beste behin, Goierritik igarota, azkenik, Donostiara heltzeko 19:22an.
23. KORRIKAren azken orduak Gipuzkoatik Lapurdirako bidean izango dira, Nafarroara zertxobait sartuta: Oiartzun, Lesaka, Bera, Sara, Senpere, Biarritz, Angelu... Igandeko gau eta goizean zeharkatuta, Baionarat iritsiko da azkenik, eguerdian, 12:30ak aldera. Mezua irakurriko dute ondoren, eta amaierako jai handia 13:30etik aitzina dago aurreikusia.