`Matx´: kirolarien, kirolzaleen eta kluben aplikazioa

Aikor aldizkaria 2024ko ots. 22a, 10:23
a: Matx

Atzo arratsaldean Matx kirol-proiektua aurkeztu zuen Tabakaleran, Donostian, TOKIKOMek. Kirolariak, kirolzaleak eta klubak batzen dituen aplikazioa da, eta helburu nagusia da hiruren arteko harremanak erraztu eta gertuko kirol komunitate berri bat sortzea. Proiektua Gipuzkoako bazkideen babesarekin abiatu da, baina hura landu eta egonkortzearekin batera, gainontzeko bazkide eta lurraldeetara hedatzeko asmoa dute.

Besteak beste, digitalizazioan eta komunikazioan lagunduko die Matx-ek klubei, taldeetako datu baseak osatu, antolatu eta elkarren artean mezuak modu seguruan trukatzeko aukera eskainiko baitie. Era berean, kirol-datutegi indartsua ere izango da Matx. «Bakoitzaren interesen araberako emaitzak, partiden datak eta sailkapenak emango ditu une oro», azaldu zuen Joane Korta TOKIKOMeko proiektu-kudeatzaileak.

Kirol-edukiak ere oso garrantzitsuak izango dira Matxen. Gertuko kirolean gertatzen denaren berri emango du, ikuspegi fresko eta berritzailearekin. Eduki guztiak formatu bertikalean eta mugikorrean kontsumitzeko modukoak izango dira, eta albisteak, elkarrizketak, desafioak eta kirol-agenda kontsultatzeko aukera eskainiko die erabiltzaileei.

Alde horretatik, hasieratik ikus-entzunezkoen aldeko apustu garbia egin dutela esan zuen Aratz Losadak, proiektuko eduki arduradunak: «Gazteak izango dira gure xede-talde nagusia. Merkatua eta kontsumo ohiturak ondo aztertu ostean, garbi izan dugu eduki bertikal eta dinamikoen aldeko apustua egin behar genuela». Horiek sortzeko, erredakzio propio bat osatu dute TOKIKOMeko Gipuzkoako hedabideekin. «Talde-lanean ari gara eduki propioak sortzen, eta, era berean, hedabide bakoitzeko kirol-edukiak ere jasoko ditugu Matx-en», gaineratu du Losadak.

Azkenik, Maria Balzategik, proiektuko marketin eta komunikazio arduradunak, Matx-en komunitateaz hitz egin zuen, eta, bereziki, interakzioaz eta sare sozialen amuaz jardun zuen berbaldian. «Kirol-komunitate bat sortu nahi dugu. Kirolariek, klubek eta kirolzaleek, guztiek izango dute lekua aplikazioan. Euren artean komunikatu, argazkiak edo bideoak partekatu, albisteak sortu… Azken finean, interes antzekoak dituztenen arteko interakzioa bilatu nahi dugu». Aplikazioa izango da proiektuaren erdigune eta bertan ikusi ahal izango dira eduki guztiak, baina sare sozialen erabilera ere estrategikoa izango da, Balzategik adierazi zuenez: «Gure erdigunea aplikazioa da eta estrategia guztia bertara bideratuko dugu, baina jakitun gara sareek ere garrantzi handia dutela gaur egun; hori horrela, sareak amu moduan erabiliko ditugu».

Matx doako aplikazioa da. IOS eta Android plataformetan bilatu, deskargatu eta erregistratu besterik ez da egin behar erabiltzen hasteko. TOKIKOM euskarazko hedabideen sareak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak elkarlanean pentsatu eta landu dute egitasmoa, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Laboral Kutxaren eta Gipuzkoako futbol eta eskubaloi federazioen babesa izan dute.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).