Ekitaldia Nafarroako Antzerki Eskolan izan zen. Bertan izan zen Ane Elordi Alburquerque KORRIKA koordinatzailea, AEKren Artezkaritza Kontseiluko kideek lagunduta. Eurekin batera, Euskal Herri osoko 100 gonbidatutik gora bertaratu ziren: euskalgintzakoak, alderdi politikoetako ordezkariak, hedabideetako langileak, sindikatuetako kideak, eragile sozialak eta hainbat lagun gehiago. Oholtzan, Elordik azaldu zuen edizio honek berariaz nahi duela euskal herritar oro «euskal komunitatearen, euskararen Herri Harroaren, parte sentiarazi», «eta, aurrerantzean, bizitzako arlo guztietan, euskaraz bizi nahi duen komunitatearen partaide bilakatu; KORRIKA, euskara bera bezala, denona delako». Halaber, Elordik hau aipatu zuen: «Euskarak aurrera egingo badu, herriaren erabakitasunagatik izango da; KORRIKAk aukera bikaina ematen digu herri-pultsua aktibatzeko, aldarri tinko bat egiteko, pauso gehiago eman daitezen, herri-gogoari erantzutearren».
Pantxika Lamur clowna jardun zen aurkezle-lanetan, eta, publikoarekin elkarreraginean, komentatu zuen ezen «23. KORRIKA mundu berri bat balitz, herri-aldarrien mundua» izango litzatekeela. Harekin batera Ainhoa Egizabal dantzaria eta Eñaut Zubizarreta “Trigger” txelo-jolea ere aritu ziren , beren arteaz KORRIKAren aniztasunari azpimarra jartzen. Edizio honen spota ikusteko aukera ere izan zuten bertan bildutakoek.