Martxoak 8, aldarrikapenak nagusi Txorierrin

Aikor aldizkaria 2024ko mar. 8a, 13:12

Gaur, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna da, eta mundu osoko emakumeak kalera irtengo dira, euren eskubideen alde hainbat emakumek aurretik egindako borroka gogora ekartzera eta oraindik parekidetasunaren aldeko borroka  beharrezkoa dela aldarrikatzera. Txorierrin ere elkarretaratzera eta mobilizazioetara deitu dute talde feministek eta erakundeek. Goizean, esaterako, elkarretaratzea egin da Loiun eta Zamudion, eta adierazpen instituzionala irakurri. Hitzordu eta ekintza gehiago antolatu dira arratsalderako eta astebururako.

Sondikan, “Dena aldatzeko, saretu, ahaldundu eta borrokatu” lelopean, elkarretaratzera deitu du Garrasia talde feministak. Hitzordua 18:00etan ipini dute Ikurrina Enparantzan. Era berean, Sondikako Udalaren eskutik, 19:00etan, Kultur Etxean herriko emakumeak ahalduntzeko prozesuaren emaitzak aurkeztuko dituzte eta “Sondikako Emakumeen Kontseilua” egitasmoaren berri emango dute. Derion, emakumezkoen eskuz binakako partidak izango dira.

Zapata Gorriak talde feministak deituta, elkarretaratzea izango da Zamudioko Leizaola plazan, indarkeria matxistaren kontrako bitrinaren aurrean, 19:00etan. Manifestazioa ere egingo dute herritik. Moreak Lezamako talde feministak eta Lezamako Udalak, bestalde, elkarretaratzera deitu dute arratsalderako. Elkarretaratzea 18:00etan izango da Hilario Astorki plazan. Horren ostean, Ausartak antzerki-taldeak Sirimiri y chaparrón antzezlana aurkeztuko du, 19:30ean, Kultur Aretoan.

Beste aldetik, asteburuan ere ekintzak izango dira Martxoaren 8aren haritik. Loiu, adibidez, bazkaria egingo da bihar, martxoak 9, eta domekan, martxoak 10, berdintasunaren aldeko martxa. Hitzordua 10:30ean ipini dute udaletxeko plazan eta handik Lauroetara abiatuko dira. Zortzi kilometroko ibilbidea egin ostean, kopaua izango da inguruko jatetxe batean. Derion ere berdintasunaren aldeko martxa egingo da domekan: hitzordua 11:00etan ipini dute frontoian. Ondoren, manifestua irakurriko dute. Lezaman, azkenik, bertso-saio feminista izango da domekan, 12:30ean, Kultur Aretoan. Saioan Josune Aramendi, Oihana Bartra eta Ane Labaka bertsolariek hartuko dute parte; gai-jartzaile Idoia Anzorandia ibiliko da. Moreak talde feministak eta Lezamako Udalak antolatutako ekintza da.



Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).