KORRIKA gaur arratsaldean aterako da Irundik

a eta b: Korrika 2024ko mar. 14a, 12:47

23. KORRIKA gaur, martxoak 14, 16:00etan abiatuko da Irundik. “Harro herri” lelopean, Euskal Herri osotik igaro, eta martxoaren 24an Baionara ailegatuko da. Txorierri martxoaren 21ean zeharkatuko du eta 32 kilometro egingo ditu gurean: Erandiogoikoa (09:35) –  Sondika (09:57) – Loiu (10:13) – Derio (10:20) – Zamudio (10:45) – Lezama (11:07) – Larrabetzu (11:30).

Festa-giroa nagusi izango da gaur Irunen, eta datozen egunetan Euskal Herri osora zabalduko da. Txorierrin ere hainbat ekitaldi antolatu dira KORRIKA Kulturalaren baitan. KORRIKA martxoaren 15ean aurkeztuko da Erandiogoikoan: Dj Noraik diskofesta girotuko du, eta aurkezpen-ekitaldiaren ostean, Mixerabliak taldeak egingo du kontzertua. Martxoaren 15ean ere bertso-afaria izango da Txorierriko Baserri Antzokian, Lagatzu Zamudioko elkarteak eta Zorrizketan Lezamako euskara elkarteak antolatuta. Era berean, zirku-tailerra egingo da martxoaren 20an, Lezaman.

Bea Egizabalek, bestalde, Magma mia bakarrizketa aurkeztuko du martxoaren 21ean, 19:00etan, Derioko Marikobaso Espazioan. Esandakoez gainera, herri-bazkariak eta askoz ekintza gehiago antolatuko dira. Sondikan, adibidez, herri-bazkaria egingo da martxoaren 16an; era berean, umeentzako jolasak izango dira martxoaren 17an, 12:00etan, Ikurrinaren enparantzan. Derion ere herri-bazkaria egingo dute martxoaren 16an; izena ematea Txepetxa AEK euskaltegian egin daiteke, edo marikobaso.martxan@gmail.com helbide elektronikora idatzita. Larrabetzun, Korrika txikia izango da martxoaren 17an, 12:00etan, plazan, eta ostean, musika eta zozketak izango dira. Era berean, martxoaren 22n Bizkarsoro filma emango dute, 19:00etan, eskolako jantokian. Gainerako ekitaldien berri gizarte-sareen bidez eta herrietako kultura-agendetan emango dute datozen egunetan; beraz, adi-adi egon beharko da!  Azkenik, autobusa antolatuko da martxoaren 24an Baionara joateko. Autobusa 8:30ean aterako da Sondikatik eta herriz herri hartuko ditu Txorierriko euskaltzaleak. Izena emateko, martxoaren 19ra arte idazti daiteke txepetxa@aek.eus helbide elektronikora, edo 944 543 967 edo 688 875 481 telefono-zenbakietara deitu. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).