Beste behin, euskararen herriak Euskal Herri osoko errepideak eta kaleak hartu ditu. “Itzela izan da: argi geratu da hemen badagoela komunitate oso bat, konplexurik gabekoa, eta ez duela onartzen kontingentzia-planik euskararen normalizaziorako; horrez ordez, egiazko trantsizio bat nahi du”. Azpimarratu dutenez, parte-hartze masiboa herri gisa egin da, denak batuta. “Genero, kolore eta sentsibilitate politiko anitz gerturatu dira KORRIKAra, euskararen aldeko ekimen zirraragarrira, herri-aldarri alai eta tinko honetara. Haietako batzuk euskaradunak dira dagoeneko; beste batzuk, euskaradunak ez izanagatik ere, badira euskararen munduaren zati. Ateak zabal-zabalik dituzte guztiok; barneratzeko bidea, libre. Euskararen herrian eroso bizi ahal izateko desioan, lekua dago edonorentzat”.
Hala ere, harro egon arren, konforme ez daudela esan dute, oraindik hainbat asmo baitaude gauzatzeko. “Euskararen ezagutzaren doakotasuna, unibertsaltasuna, hizkuntza-politika ausartak... jomuga dira oraindik. Asmatu beharko dugu, era berean, nola bideratu egunotan metatutako indarrak, aurrerantzean ere lanean jarraitzeko, elkarlanean; euskararen normalizazioa ardatz, aurrerapausoak ematen segi dezagun”. Bide horretan denen laguntza behar dela azpimarratu dute, “instituzioena, kolektiboena eta norbanakoena”.
AEK-k KORRIKAren inguruan ezarritako helburuei dagokienez, argi dago horietako bat nabarmen bete dutela: euskararen aldeko kontzientzia astindu du KORRIKAk, herri-gogoa hauspotzea lortu du. “Lasterketan bertan parte-hartze masiboa igartzeaz gain, etxetik ere inoizko KORRIKArik ikusiena izan da hau, aurrekoaren marka oro hautsita, neurri handi batean sare eta hedabideen elkarlaneko lanari esker. Halaber, aurreikuspen ekonomikoak ere onak dira, oraindik goiz bada ere arlo horretako xedera iritsi garen adierazteko”.
Amaitzeko, AEK-k azpimarratu du biziki poztu dituela edizio honen omenduen aldarria —Azterketak Euskaraz kolektiboarena, alegia— zabaldu izanak. “Bihotz-bihotzez, espero dugu KORRIKA honetan izan duen ikusgarritasuna akuilu bihurtuko dela haien helburuak lortzeari begira”. Era berean, eskerrak eman dizkiete “era batera edo bestera auzolan erraldoi honetan esku hartu duten guztiei”.