Armarriak

t/a: IƱaki Olabarrieta eta Jose Angel Mentxaka 2024ko api. 10a, 12:26

Ez da arraroa herrietako etxe zaharretan, baserrietan eta jauregietan, ate nagusiaren gainean, armarria egotea. Garai bateko leinuen, familien, hirien, herrien… ikurtzat hartu daitezke armarriak. Gehienak, behintzat gaur egun arte iraun dutenak, harriz egindakoak dira, egurrezkoak ere egon arren.

Berez, armarriak ezkutu bat irudikatzen du. Ezkutua bakarrik egon daiteke, edo apaingarri batzuek lagunduta: kasketa goiko aldean, goiburua edo testu bat beheko aldean, euskarriak alboetan… Armarrian ezkutu sinple bat, eremu bakarrekoa, agertu daiteke, edo leinuak elkartu izanaren ondorioz, askoz konplexuagoak izan: kasu horietan, armarriak bertikalki, horizontalki, bandan… zatitzen ziren; zati bakoitzak irudi bat du. Euskal Herriko armarrietan animaliak dira nagusi: otsoak, basurdeak, baleak, arranoak… Horiekin batera agertu ohi dira, besteak beste, zuhaitzak, gazteluak, eguzkiak, ilargiak, lamiak eta abar. Era berean, esan beharra dago heraldika, armarriak arautzen dituen artea, sinbologiaz beteta dagoela; esate baterako, goiko kasketa ezkerretara begira egoteak sasiko semea adierazten du. Beste alde batetik, bitxia da bailara batzuetan, bereziki Nafarroan, etxe gehienek armarri berbera izatea: xake-taula, Baztanen; basurdeak, Aezkoa…

 

Ibilbide proposamena

Hamaika kilometroko ibilbide hau errepidetik egingo dugu ia osorik. Erandiogoikoko eliza gotiko interesgarrian hasiko dugu. Martiartuko Martinen eta Zamudioko Mayoraren –Peru eta Mari, bertakoentzat– eskulturaren azpian hiru armarri daude. Alboetakoak dira martiartutarrenak: zuhaitza-otsoa; eta erdikoa, zamudiotarrena: ur-uhinak. Elizako dorrean gaztelarren armarria ikusiko dugu. Arriagara joanda, eskola zaharretara heltzean, Artetxetarren etxea ikusiko dugu ezkerrean. Artetxe leinuaren armarria bertan dago oraindik, egurrezkoa da eta kasketa du goiko aldean; bibotedun aurpegia, beheko aldean; lehoiak, alboetan; eta ezkutuan, polikromia galdu duenez, ezin da jakin zer zegoen. Bizkaian dagoen zaharrenetarikoa ei da. Aipatzekoa da baserri hori dela Bartzelonan 1929ko erakusketarako egindako Poble Espanyol-ean Bizkaia ordezkatzen duen eraikuntza. Tontorretik Astrabudura doan bidea hartuko dugu. Axpuru inguruan, hiru gurutzeez gain, hainbat panel interesgarri daude: karlisten garaiko historiak eta bertan zegoen gotorlekuaren gaineko informazioa, geologia aldetik lekuak duen interesa... Astrabudura helduta “bolo bolkanikoak" ikusiko ditugu. Hezegunea oinezkoen pasabidetik gurutzatu, Eroski atzean utzi eta errepide nagusiaren azpitik eginda, Santi Mami ermitara egingo dugu joan-etorria. Ermita hori Erandio eta Leioa arteko mugan dago. Garai batean bi erromeria egiten ziren jaietan, herri bakoitzak berea. Aurrera jarraituko dugu. Une batean, pinudira heltzean, asfaltoa utzi eta bidezidorra hartuko dugu. Urtegia ezkerretik inguratu daiteke: politagoa da, baina basatsuagoa; edo eskuinetik, erosoagoa. Unibertsitatearen ingurura ailegatuko gara eta bertan zer ikusi eta zer ikasi izango dugu: “Bizitzaren basoa” eskultura, anfiteatroa, arboretuma, heliosziametroa, harkaitz-erakusketa… Hortaz, hartu lasai. Aurrera egingo dugu, atletismo-pista inguratu, eta frontoien aurreko pistatik San Kristobal ermitara helduko gara. Bertako bistaz gozatu ondoren, Madalena ermitatxoa bisitatuko dugu. Errepidetik, aldapan behera, hartuko dugu Erandioko bidea. Tontortxo batean San Martin ermita zegoen lehen, baina gaur egun baserri bihurtu da. Errepidetik beste kilometro bat egin, eta ibilbidea amaituko dugu.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).