Txorierriko futbol-selekzioa haurren mailan osatu da mutiletan zein nesketan. Iker Amarika Xaker kirol-zerbitzuetako ordezkariak azaldu duenez, Txorierriko selekzioa osatzeko aukera duela 10-12 proposatu zen, eta aurten berreskuratu da. “Txorierrin baditugu 2020-2011 urteetan jaiotako jokalari asko, eta haietako asko, gainera maila onekoak dira. Bestalde, Bizkaiko hainbat taldetan badaude txorierritarrak eta asmoa da Txorierriko selekzioan batzea”. Amaia Olabarrieta lezamarra eta Athleticeko jokalari ohia izango da nesken taldearen hautatzailea; eta Gorka Azkorra sondikoztarra eta Athletic jokalari ohia, mutilena.
Bestalde, Jon Ander Aurrekoetxea Txorierriko Mankomunitatearen presidentearen eta Lezamako alkatearen hitzetan, Txorierriko alkate guztiek begi onez ikusi dute selekzioa osatzeko proposamena. “Ondo deritzogu gure gazteei Txorierri izenean torneo batean lehiatzeko aukera ematea, izan ere, batzuek, beharbada, Bizkaiko selekzioan lehiatzeko aukera dute, baina beste batzuek, ez”. Horrela, Txorierri selekzioak Txorierri Cup torneoan egingo du debuta. Neskek ekainaren 20an jokatuko dute eta torneoan hiru taldek hartuko dute parte: Txorierri, Betiko Neskak eta Bizkerre. Mutilek, bestalde, hurrengo egunean, hilak 21, jokatuko dute, eta Txorierrirekin batera lehian ibiliko dira Leioa eta Danok Bat. Partidak Athleticek Lezaman dituen instalazioetan izango dira 18:30ean. Kirolaz gainera, Aurrekoetxearen esanetan, talde-lana eta euskara ere sustatuko dira torneoaren bidez.