Leziñana herrira helduta, dorreko kanpaiak ongi etorri zaratatsua egin digu. Igandea da eta hamabiak... luze-luze jo dute. Caicedo Yusotik pasatu, eta erreka ondoko bide politaren hasieran San Migel izandako ermitaren aztarnak (4) ikusi ditugu. Aurrera egin eta Fontechara heldu gara.
Bi dorre ditu herriak, Orgaztarrena (5) eta Kondestablearena (6); hori ez da arrunta eta adierazten du garai batean herri garrantzitsua izan zela. Zortzi kilometro egin ditugu jada mendebalderantz ibiliz, gari artean eta lur lauetatik. Iparraldera biratu, eta bailara eder batetik joan gara, berdetasunean sartuta. Gora eta gora, baina oso apurka. Ia goian Arreoko lakua dago (7), Euskal Herriko laku natural bakarra ei dena. Ezkerreko bidezidor ederretik inguratu, zuhaitzen artean, eta laster hasi gara beherantz. Gatzaga handiaren ezkerretik joanda, Gezaltza Añana herrira heldu gara. Merezi du bai herria, bai gatzaga (8) itzel ikusgarriak lasai bisitatzea. Milaka urte dira han gatza lortzen dela, eta iturri gaziak jarraitzen du ura ematen, inoiz amaituko ez balitz bezala.
Arratsaldean turismo apur bat egiteko erabili dugu. Autoa hartu, eta Tejuela nekropolia (8) bisitatu dugu (15 km-ra): Puentelarrátik joanda Ebroz bestaldean dago, Burgosko lurretan. Nekropoli itzela da, ikusgarria, zalantza barik bisita merezi duenetarikoa.
Eskuratu hemen ibilbidearen tracka