Horretarako, ezagutza trukatzeko konpromisoa adierazi dute, eta lan-batzorde komunetan parte hartuko dute ekarpen adierazgarriak egin ditzaketen kasuetan. Hitzarmenean jasotzeko lanen jarraipena egiteko batzordea ere eratuko dute erakundeek, elkarrekin egin beharreko lanak adostu zein egindakoen balorazioa egiteko.
Urkizaren hitzetan, “hitzarmen honek Euskal Herriko txoko anitzeko errealitateetara hurbiltzen gaitu, elkar ezagutzeko, hausnartzeko eta batera erronkei erantzuna emateko bidea zabalduko duelarik”. Azpimarratu duenez, “TOKIKOMen tokiko gertutasun hori ezinbestekoa da, gizartearengana heldu eta berarekin elkarlanean eragiteko, guztion ongizatearen mesedetan”. Artolazabalen esanetan, bestalde, “hitzarmenak aukera emango die tokiko komunikabideei Eusko Ikaskuntzak hizkuntza, kultura eta ezagutzaren bueltan egiten duen lanketa gizarteratzeko, eta aukera paregabea egiten dituzten bestelako proiektu pausatuagoetan sarbidea izan eta toki komunikabideetan sakon aztertu eta zabaldu ahal izateko”. Hitzarmenaren eta elkarlanerako gogoaren lehen ondorio gisa, Eusko Ikaskuntzak urriaren 2rako ,3rako eta 4rako Gasteizen antolatu duen "Elkartzen Gaituena" XIX. Kongresuko babeslea izango da TOKIKOM.
Eusko Ikaskuntza erakundea 1918an sortu zen Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako zein Nafarroako Foru Aldundien ekimenez, Euskal Herriko gizartearen beharrei erantzun orokorrak eta integratzaileak emateko. TOKIKOM, berriz, 2012an sortu zen, Euskaltzaleen Topagunean bildutako toki komunikabideen ekimenez, eta 78 toki komunikabide batzen ditu gaur egun, sektorearen behar bereziei modu eraginkorrean erantzuteko.