Azaldutakoaren arabera, gazteetako lau Bilboko protestan identifikatu zituzten eta bakoitzak 2.500 euroko isuna jaso du; bosgarrena, bestalde, Gasteizen identifikatu zuten eta 1.500 euroko isuna jaso du. Adierazi dutenez, dagoeneko helegiteak aurkeztuta dituzte eta ahalordetzea eman diote abokatuari; hortaz, epaileak zer erabaki zain daude.
Gazteen esanetan, Jaurlaritzak hartutako neurria gehiegizkoa izan da, “halako ekimenetan isuna arduradun moduan identifikatutakoei ipini ohi dietelako”. Gainera, azpimarratu dute isuna “ezker independentismoa gorantz ari den unean” ailegatu dela, “helburua baita gure jarduera gelditzeko”. Gazteei isunak ordaintzen laguntzeko, hainbat ekimen ipini dira martxan, hala nola crowdfunding bat eta zozketak. Era berean, hainbat ekintza egingo dira udan zehar, eta irailaren 8rako Donostian manifestazioa egitera deitu dute.