Zentro berria taxutu eta garatzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak honako hauen laguntza jaso du: Aclima Euskadiko Ingurumen Enpresen Klusterrarena, proiektuak zuzenean eragindako sektorea den aldetik, eta sormen-industriak biltzen dituen EIDE Euskal Diseinuaren Elkartearena, industria horiek proiektu honetan eragile garrantzitsuak direnez.
Entitate horiekin ezarritako sinergiari esker, ikerketa- eta esperimentazio-zentro gisa eratutako proiektua sortu da, non zenbait baliabide material baitaude (ekipamenduak eta lehengaiak) zeregin horietan ari diren eta zenbait kolektibotatik datozen pertsonen eskura. Pertsona horiek instalazioak bisitatzen dituztenekin jardun ahalko dute, han garatuko den sentsibilizazio- eta dibulgazio-jardueraren barruan.
Sei kolektibori zuzendutako zentroa
Waste Lab Bizkaia zentroak balio-proposamen bereizia eskainiko du, sei kolektiboren beharrizan eta itxaropenei egokitua:
- Hondakinak sortzen edo kudeatzen dituzten enpresak eta horiek biltzen dituzten klusterrak: zentroak aukera emango die negozio-, zerbitzu- eta produktu-aukera berriak ezagutzeko eta proiektatzeko, bai eta baterako proiektuak garatzeko ere.
- Unibertsitateetako, teknologia-zentroetako, I+G+b-ko unitateetako eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko ikertzaileak: lankidetzan aritzeko eta informazioa eta ezagutza trukatzeko gune bat eskainiko zaie.
- Hondakinen arloan eskumena duten toki-erakundeak: zentroan, beren eskumenak garatzeko aholkularitza, prestakuntza, ikerketa eta laguntza aurkituko dute.
- Lanbide-heziketako eta goi-mailako hezkuntzako ikasleak, hondakinen balorizazioaren alorrekoak. Ikasketak osatzeko prestakuntza praktikoa, etorkizuneko enplegu-esperientzia bat edo pentsamendu analitikoa garatzeko beharrezko ezagutzak jaso ahalko ditu kolektibo horrek, WLBn.
- Zentroa sormen-industrietako, eta teknologia- eta ekonomia-arloetako profesionalei ere zuzenduta dago: aukera emango die ekonomia zirkularrean, truke-proiektu eta -ekitaldietan, konexio berrietan eta abarretan ardaztutako sare aktibo batean integratzeko.
- Eta, azkenik, herritarrak dira Waste Lab Bizkaiaren sentsibilizazio-, kontzientziazio-, dibulgazio-, behaketa-, esperimentazio- eta herritarrentzako informazio-jardueren jasotzaileak. Zentroak norbanakoen eta antolatutako taldeen bisitak hartuko ditu, bai hezkuntza-eremukoak, bai erakunde soziokulturaletakoak eta auzoetakoak.
Hiru maila, askotariko jarduera eta publikoekin
Aipatutako taldeek elkarrekin jardungo dute Waste Lab Bizkaian. Izan ere, zentroa elkarren segidan antolatutako hiru mailatan banatuta egongo da, bakoitza bere jarduerekin eta publiko jakin bati zuzenduta.
«Kalea» izeneko gunea, zentroaren goiko maila eta bertara sartzeko atea, sentsibilizazioan eta dibulgazioan ardaztuta egongo da. Publiko orokorra hartuko du. Ibilbidea hasteko, Bizkaian minutuero sortzen diren 1.285 kilo hondakinen azpitik igaro eta gero, paletekin eraikitako harmailetan eseri ahalko dira, pantaila handi batera eta beste elementu interaktibo batzuk dauden eremura begira. Harmailetatik, plastikozko botilen igerilekura jaisten da, talde-txirrista batetik, hondakinen munduan erabat murgiltzeko. Eta, aurrerago, erakusketa-eremuan, hondakinak ikusi ahal dira, gertutik, eta birziklatu ondoren nora eramaten dituzten. Analisirako gune bat da, hondakinen identifikazio, kategorizazio eta bilakaerari buruzko informazioa ematen duena. Herritarrak sentsibilizatzea ere bilatzen da, escape room baten bidez eta edukiontziak biltzeko simulazioaren bitartez, besteak beste.
Hurrengo maila, «Auzoa», zentroko egoiliarren elkarbizitzarako lan-espazio handi bat da, dokumentazio-gune bat eta lan-gelak dituena. Ikerketarako eta esperimentaziorako eremua da hura. Hondakinen balorizaziora bideratuta dago, batez ere, eta berrikuntzak bilatzen ditu materialen, produktuen, zerbitzuen, sistemen eta hondakinak kudeatzeko politiken alorretan. Era berean, maila horretan zenbait diziplinatako profesionalen arteko harremana sustatuko da, proiektuak garatzeari eta hibridatzeari buruz dituzten ezagutzak konektatu ditzaten.
Eta, aipatutako bi guneen artean, «Plaza» dago: topaketak, baterako sorkuntza eta testeoa egiten diren tokia. Han biltzen dira publiko orokorra, WLBn lan egiten duten eragileak eta toki-erakundeak —azken horiek funtsezkoak dira agertoki horretan—. Guneak moldatu egin daitezke, publikoaren eta garatuko den dinamikaren arabera. WLB, beraz, han esku hartzen duten pertsonen eta erakundeen arteko harremanaren eta iritzi-trukearen bidez ezagutza transferitzeko eta sentsibilizatzeko lekua da. Horrez gain, prestakuntza eskaintzeko (amateurra eta aditua), eta gure ingurunean hondakinen tratamenduaren eta balorizazioaren arloan garatutako jardunbide onenen zabalkundea egiteko helburua ere badu zentroak.