Nitugu buzoia ipini du Gaztelumendin Arroetak

Aikor aldizkaria 2024ko urr. 28a, 09:31

Lezamako Gailur mendi-taldeak eskatuta eta Mendiko Federazioak eta Larrabetzuko Udalak baimenduta, 2021ean buzoia ipini zuten Gaztelumendi mendian. Hala ere, Arroeta Zamudioko mendi-taldeak jakinarazi duenez, 2024ko otsailean baten batek buzoia kendu, eta eraman zuen. Lezamako mendi-taldea desagertu da, eta horregatik, Arroetak hartu du buzoia berriro ipintzeko ardura. Buzoiari Nitugu ipini diote izena, eta joan den asteko astelehenean, urriak 21, jarri zuten. Zapatuan, hilak 26, martxa egin zen Zamudiotik Larrabetzura, buzoia inauguratzeko.

Martxan Arroetako kideek eta buzoia egin dutenek hartu zuten parte. “Jakina denez, Bilboko Burdin Hesiko parte da Gaztelumendi, eta gailurrean gutxienez hormigoizko bunker bat dago. Gainera, han bertan gurutze frankista egon zen, 36ko gerrako irabazleen omenez”, azaldu dute Arroetako kideek. “Buzoiaren diseinuak ezaugarri horiek hartu behar zituen kontuan, eta gaur egungo pentsaera dikotomikoak gainditu. Hori dela eta, Nitugu ipini diogu izen: ni, nire ikuspuntua; tu, tu visión; eta gu, gure ikuspuntu berria”.  

Jatorrizko buzoia Lezamako artisau batek egin zuen, eta burdinazkoa zen. “Plastikozko buzoia egin da 3Dn, genituen planoetan eta argazkietan oinarrituta; 3DLan enpresak egin du. Ez da burdinazko buzoia egin, erreplika egiteko zailtasunak direla-eta eta berriro lapurtu ez dezaten. Nolanahi ere, buzoi berriak eta jatorrizkoak itxura bera dute”.