Aireportuko Zarataren Planari aurkeztutako alegazioek pertsonen bizi-kalitatea erdigunean jartzen dute, EH Bilduren esanetan

Aikor aldizkaria 2024ko abe. 3a, 10:53

EH Bilduk jakinarazi duenez, guztira 13 alegazio aurkeztu dizkiote Bilboko Aireportuko Zarataren aurkako Ekintza Planari. Alegazioek Loiuko aireportuaren inguruan bizi diren pertsonen bizi-kalitatea erdigunean jartzea dute helburu, eta Irati Aretxabaleta Zamudioko EH Bilduko zinegotziak azaldu moduan, alegazioen dokumentua elkarrekin egin dute udalerrietako bizilagunek eta zinegotziek, teknikariek eta EH Bilduko beste ordezkari instituzionalek, “aireportuaren eragina handitu ez dadin, eta urteak eta urteak jasaten daramatzaguna minimizatu dadin laguntzeko”.

Aretxabaletak esan du guztira 13 alegazio erregistratu direla lau eremutan: operazio- eta kudeaketa-aldaketak lurreratzeetan eta aireratzeetan; zaratarik handiena eragiten duten jardueren ordutegiak murriztea; ingurunea eta pertsonen osasuna babesteko neurriak; eta hegaldiei, operazioei eta erabiltzaile-kopuruari dagokienez, euskal aireportu guztien arteko oreka eta kudeaketa handiagoa lortzea.

Azpimarratu duten moduan, “bere ezaugarriengatik, Loiuko aireportua ezin da handitu inguruko pertsonei eta lurraldeari eragin gabe. Forondako aireportuaren kasuan, aldiz, udalerri mugakideetan ez dute hainbeste zarata pairatzen, eta eragozpen operatiboa ez da hain handia. Gainera, Bilbotik 45 minutura dago errepidez”. Agerraldian Iker Casanova EH Bilduko Bizkaiko bozeramaileak ere hartu du parte, Txorierriko eta Uribe Kostako zinegotziekin batera. Gaineratu zuenez, “Loiuko aireportuak baditu muga eta operazio-arriskuak hainbat mailatan, eta aireportua zabaltzeak arazo horiek areagotuko lituzke”.

Azkenik, bere esanetan, euskal erakundeek, aireportuen kudeatzaileak eta hegazkin-konpainiek lankidetza-esparru iraunkorrak sortu behar dituzte, “gure aireportuen arteko egungo lehia-joerak birbideratzeko eta alternatibak irekitzeko, modu mailakatu eta errealistan, euskal aireportu guztien arteko eragiketen orekan oinarrituko den «aireportu bat, hiru terminal» –bost, Euskal Herrian– formula bideratzeko”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).