Txorierriko 14 enpresak konpromisoa hartu dute euskararekin

Aikor aldizkaria 2024ko abe. 5a, 11:49

Atzo, abenduak 4, HABIA egitasmoa aurkeztu zen Derioko Kultur Birikan. Egitasmoak Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateak bultzatu du Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, eta hurrengo helburu hauek ditu: ekosistema egokia sortzea, lan-eremuan euskararen erabilera aktibatzea, enpresei euren ibilbidea laguntzea eta euskarekiko konpromisora enpresa berriak erakartzea. Eskualdeko 12 enpresak eta Lanbide Heziketako bi ikastetxek egin dute bat HABIA egitasmoarekin.

Enpresa horien artean daude Lantegi Batuak, LORRA, Patxikoop eta Politeknika Txorierri. Azken hilabeteetan, Ahize-AEK-ko teknikariekin ibili dira lanean, “euskararekiko konpromisoa helburu zehatzetan gauzatzeko eta lan-eremuan euskararen erabileran aurrera egin ahal izateko”. Egitasmoak egunerokotasunean euskara erabiltzen duten enpresen sarea sortzea du helburu, jardunbide egokiak partekatzeko, eta konpromiso horrekin bat egin nahi duten enpresa berrientzako eredu eta pizgarria izan daitezen. 

Aurkezpen-ekitaldian izan ziren Sonia Rodriguez, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Sailburuordetzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinazioko zuzendaria; Ainara Basurko, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko diputatua; Isaac Amezaga Bizkaiko, Foru Aldundiko Euskara zuzendaria; Txorierriko alkateak; eta Jon Ander Aurrekoetxea, Txorierriko Zerbitzu Mankomunitateko presidentea eta Lezamako alkatea. Basurkok azpimarratu zuenez, “euskarak balio erantsia du enpresa-munduan eta euskarak ondo kudeatzeak eragiten du enpresen lehiakortasunean”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).