Oso esperientzia arrakastatsua izan zenez, bigarren edizioa egin dugu aurten. Horretarako, gizartetik kanpo dauden edo egoteko arriskuan dauden pertsonek egunero aurre egin behar dieten arazoei heldu diegu, eta Emaús Gizarte Fundazioak eta beste erakunde edo egitasmo batzuek kudeatzen dituzten etxebizitzen egunerokotasuna islatu dugu bigarren ikus-entzunezko lanean.
Laburmetraiaren helburua da herritarrak sentikor bihurtzea auzo-testuinguruetan eta etxebizitza partekatuetan gertatu ohi diren egoerekiko. Izan ere, egoera horietan dauden hainbat errealitate tartean, batzuetan pertsonek aurreiritziak dituzte eta une deserosoak eta tentsioz beteak sortzen dira. Horregatik, (in)Adaptados tituluak mahai gainean jartzen ditu kolektibo honek komunitate batera egokitzeko dituen zailtasunak.
Egitasmoa aurrera ateratzeko, nahasketa perfektua egin dugu hurrengo pertsona hauen lanari esker: gure erakundeko pertsonak, boluntario moduan parte hartu dutenak, Aritz Albaizar (argazkilaritza eta muntaketa), Eva Martín (gidoia), Emilio Encabo (soinua) eta Iker Zarate eta Silvia Sanchez (aktoreak). Emaitza oso gogobetegarria izan da guztiontzat, baina batez ere PAI Bitartean zerbitzuan artatzen ditugun pertsonentzat, zeren eta laburmetrai erreibindikatzaile baten grabazioan parte hartu baitute beste behin ere.
Proiektua biribiltzeko, laburmetraia Derioko Gurea Aretoan estreinatu dugu azaroan, Emaús Gizarte Fundazioak antolatutako Nomada Jaialdiaren egitarauaren barruan. Laster YouTube plataforman izango da, nahi duen guztiak ikusi dezan.