HAZILAN+ 2025 egitasmoa martxan ipini du EGAZ Txorierrik, enplegagarritasuna sustatzeko

Aikor aldizkaria 2025ko urt. 16a, 14:29

Ekimena da erdi- edo goi-mailako edo unibertsitateko ikasketak dituzten langabetuentzat, eta horiei lan merkatuan sartzen laguntzea du helburu. Iaz 36 pertsonak hartu zuten parte egitasmoan, eta 30ek enplegua lortu zuten (% 83ko laneratze-tasa). Besteak beste, hurrengo sektore hauetan topatu zuten lana: ingeniaritza, ingurumena, zerbitzuak, administrazioa eta osasungintza.

HAZILAN+ sustatu da LORPEN mentorizazio-programaren bidez, zeinak lan-munduan txertatzean ardaztutako laguntza pertsonalizatua eskaintzen baitu. Programan, parte-hartzaileek neurrira egindako lan-ibilbideak diseinatzen dute euren ezagutza eta trebetasunak nabarmentzeko, enplegurako berariazko tresnak eta baliabideak erabiliz. Hortaz, parte-hartzaileek ikasiko dute euren marka sortzen eta gaitasun pertsonal eta profesionaletan oinarritutako curriculumak egiten, eta trebatuko dira lan-elkarrizketak gainditzeko. Gainera, Txorierriko enpresen lan-eskaintzen berri emango zaie.

Urtarrilaren 23an, 10:00etan, hitzaldi informatiboa egingo da Kultur Birikan, eta bertan Txorierriko industrialdeen potentziala aurkeztuko da, eta aukerak aprobetxatzeko funtsezko estrategiak aurkeztu. Ekimena Euskal Autonomia Erkidegoko 2021-2027 Programa Operatiboaren baitan dago, eta Europako Gizarte Funtsak % 40 finantzatzen du. Ekimenaren bidez harremanetan ipini nahi dira talentu bila dabiltzan enpresak eta euren ibilbide profesionala hasi edo aldatzeko gogoa duten pertsonak.