DNA book-etik gertuago?

t: Xabier Diaz @xa2_baraka@mastodon.eus 2025ko urt. 23a, 13:32

Asimov Press editorialak DNAn idatzitako lehenengo liburu komertziala merkaturatu du[i]. Liburu horretan, zientzia fikziozko bederatzi saiakera eta hiru lan batu ditu, formatu tradizionalean zein DNAn kodetuta.

 

DNAk informazioa gordetzen du. Izan ere,  organismo bizi guztien funtzionamenduaren eta garapenaren informazio genetikoa du; eta ez hori bakarrik: bere transmisioaren erantzulea ere bada. Kontua da ea gaitasun horiek guk nahi dugun informazioa gordetzeko erabili daitezkeen.

Edozelan ere, aspaldiko ideia da. 1959an, Richard P. Feynman fisikariak emandako "There's Plenty of Room at the Bottom: An Invitation to Enter a New Field of Physics" hitzaldi ospetsuan lehenengoz aipatu zuen mikro-munduaren –bio-mundua barne–  kopia diren objektu artifizialak sortzea euren gaitasunak aprobetxatzeko. 1964an, berriz, Mikhail Samoilovitx Neiman fisikari sobietarrak 3 artikulu argitaratu zituen elektronikako mikrominiaturizazioari buruz, zeintzuetan DNA eta RNA molekula sintetizatuak erabiliz informazioa erregistratu, biltegiratu eta berreskuratzeko aukerari buruz jardun zuen.

Informazioa gordetzeaz gain, DNAk oso leku gutxi hartzen du, egungo SSD konpaktuenak baino 1.000 aldiz gutxiago, eta hori erakusteko, ikerlariek DNAn kodetu dituzte, besteak beste, George Churchen Regenesis liburua[i], Shakespeareren 154 soneto[ii] eta Biohackers Netflix telesailaren kapitulu bat[iii] .

Kodeketa egiteko, “0”ak eta “1”ak erabili beharrean, DNAren baseak erabili dira: adenina (A), timina (T), zitosina (C) eta guanina (G). Guztira milioi erdi inguru DNA molekula beharrezkoak izan dira liburuaren 240 orrialdeak kodetzeko; digitalean eginez gero, 470 Kb izango lirateke. Catalog[iv] enpresak garatutako metodoei esker, nahiko garestia den kodeketa (zenbait milaka dolar) behin egiten da eta nahi adina erreplika egin daiteke biologia molekularraren tresnak erabilita, guztizko kostua merkatuz.

Ondoren, molekulak laser-zigiluzko eta altzairu herdoilgaitzezko kapsuletan bildu dira, eta jada 1.000 kopia dituzue Asimov Pressen gunean, 60 dolarren truke, inprimatutako “ohiko”  liburua barne. Irakurtzeko, berriz, DNA sekuentziadore bat behar da, eta gehienok etxean horrelakorik ez daukagula –neuk ez, behintzat– , Plasmidsaurus[v] enpresak eskaintzen du zerbitzua.

Oraingoz mugak ere baditu. Esan bezala, DNAn gordetako informazioa eskuratu, idatzi edo aldatzeko behar diren azpiegiturak ez daude edonoren eskura, eta gainera, denbora behar duten prozesuak dira. Beraz, ez da askotan atzitzen diren datuak gordetzeko bitartekorik egokiena.  Artxiboko datu kopuru handiak gordetzeko, ordea, modu aproposa da, zeren beste euskarri batzuen aldean, gordeta dagoen bitartean ez baitu energiarik kontsumitzen.