Etxean medikamentuen erabilera hobetzeko hitzarmena

Aikor aldizkaria 2025ko urt. 31a, 13:43

Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, hitzarmena sinatu du Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofizialarekin, etxean medikamentuak modu seguruagoan eta eragingarriagoan erabiltzeko. Hitzarmenak eragina izango du familia-giroan zaintzeko prestazioaren onuradunengan, 23.000 lagunengan baino gehiagorengan, eta horiei inolako kosturik gabe eskainiko zaie profesional batek euren tratamendu medikoak modu indibidualizatuan prestatzea.

Programan parte hartzen duten farmazietan, konpartimentuetan banatutako blister batean sartuko dituzte medikamentuak. Horrela, pazienteek erraz identifikatuko dute medikamentu bakoitza zein egunetan eta zein ordutan hartu behar duten. Ondorioz, akatsak egiteko arriskua murriztuko da, eta medikuen argibideak betetzea hobetuko da. Gainera, jarraibideak emango zaizkie erabiltzaileei eta zaintzaileei, jakin dezaten medikamentuak nola hartu eta egon daitezkeen gorabeherei aurre nola egin.

Programaz baliatu ahal izateko, Bizkaiko Foru Aldundiaren Gertu edo Laguntza bulegoetara joan behar da, eta bertan egiaztatze-zigilua lortu eta baimen informatua sinatu. Ondoren, programari atxikitako farmazia batera jo behar da, tratamendua berrikusteko eta medikamentuekin lotuta egon daitezkeen arazoak aztertzeko. Ondoren, dosifikazio-sistema pertsonalizatua (blisterra) jasoko da, medikamentuak hartzeko eta kontserbatzeko jarraibideekin batera.