Euskaraldiko lantaldeak Ikastolen Elkarteko kideekin elkarlanean prestatu dute ikastetxe zein bestelako zentroetan ariketa lantzeko materiala. Proposamen didaktikoak Euskal Herriko ikastetxe guztietara bidaliko dira, horiek baitira haur eta nerabeak biltzen dituen ingurune naturalak, eta Euskaraldiaren webgunean ere topatu daitezke https://euskaraldia.eus/. Material didaktikoak bi helburu ditu: batetik, haur eta gazteei ariketan duten egitekoa azaldu eta horrek duen garrantziaren berri ematea; eta, bestetik, haur eta gazteen kontzientzia soziolinguistikoa piztea, eta haur eta gaztetxoak informatzea, prestatzea eta ahalduntzea euskararen erabileran agente aktibo izan daitezen.
Horretarako, adin tarteka osatu dira proposamenak: Altxa (3-9 urte), Dantza (9-12 urte) eta Jalgi (12-16 urte). “Proposamen guztiek egitura berbera dute, oro har, ikastetxeetan aplikatzeko lana errazteko eta ikasleen arteko kidetzeak antolatzeko -hau da adin tarte ezberdinetako ikasleak elkarrekin aritzeko-, modua emateko”, adierazi dute arduradunek. Proposamenek Euskaraldiaren aurretik, ariketan martxan dela eta ondoren egiteko 11 jarduera eskaintzen dituzte, adin tarte bakoitzaren ezaugarrietara egokituta, hizkuntzari buruz hausnartzeko eta bizipenak partekatzeko. Nolanahi ere, ez dute sekuentzia itxi bat osatzen, eta, haurren ezaugarriak kontuan izanik, hezitzaileek aukeratu ahal izango dute zein jarduera egin eta nola. Gainera, haur eta gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko aisialdi nahiz kultur ekimenak abian dituzten euskara elkarte, aisialdi talde eta antzekoetan ere erabilgarria da materiala.