Auritz herrian hasi gara oinez eta Donejakue bidea utzita. Mendebalderantz egin, eta segituan hartu dugu iparralderantz doan bidea. Kilometro pare batera "Mendixuri" jar-tzen duen letreroa topatu dugu. Horri jarraitu diogu eta ezkerretara egin dugu. Baina, patxadaz eta begiak zabalik joanez gero, ehunen bat metro lehenago, bide ondoan, bunker eder bat (1) aurkitu dezakegu eskuinaldean. Arraroa egin zaigu hemen egotea, ez duelako alturarik kontrolatzen eta normalean halako metrailadore-habiak altueran daude kokatuta. Orain bidea baso eder batetik doa. Basoa desagertu egin da gero, baina bideari jarraituta bunker pare bat aurkitu ditugu (2) eta (3) bide ondoan, (4) metro batzuk beherago. Bidea lepo batean amaitu da, ehiza postu baten ondoan.
Eskuratu hemen ibilbidearen track-a.
Aurrez aurre dugu Mendiaundi, eta atzeko lepora pasatu behar da. Bi aukera daude: tontorretik jarraitu ala ezkerretik, abereek egindako bidezidorretik joan. Nolanahi ere, ez da eskuinaldetik joan behar, oso zaila da eta. Lepora helduta GR11ko seinale zuri-gorriak agertu dira, eta horiei jarraituta Sorogaineko aterpetxera ailegatu gara era errazean. Bidetik beste bunker bat aurkitu dugu (5), eta gehiago ere badaude. Ia hamaika kilometroko ibilbidea izan da, baina ez zirkularra; beraz, Auritzera itzultzeko plana buruan eduki behar da aurretik. Gainera, kontuan hartu behar dugu lainoa izanez gero hobe dela bide hauetatik ez saiatzea, galtzea erraza da eta.
Bunkerrez eta mendi ederrez gain, badago zer ikusi bazter hauetan. Sorogain inguruan hainbat monumentu megalitiko aurkitu daitezke, ederto kontserba- tzen den cromlech bat barne. Paraje hauetatik erromatar galtzada bat igarotzen zen, Astorgatik Bordelera zihoana hain zuzen. Aurizberri / Espinaleko kontzejuaren etxean galtzada horretakoak ziren hiru miliario daude erakusgai. Era berean, merezi du hilerri ondoan dagoen estelen bilduma bisitatzea. Amaitzeko, Auritz eta Aurizberri artean Zaldua izeneko parajea dago. Aranzadi elkartea aspalditik dabil bertan lanean, Zalduako aztarnategian hain zuzen. Aipatutako galtzada bertatik pasatzen zen, eta erromatar garaiko herri baskoi bat azaleratzen dabiltza. Badirudi herri horren inguruan atseden hartzeko ostatuak eraiki zituztela, terma eta guzti, eta handituz joan zen hiri bihurtu arte. Erromatar historialariek aipatzen zuten Iturissa hiria izan daiteke, baina oraindik ez dago froga nahikorik hori baieztatzeko. Beraz, badago nondik ibili eta zer bisitatu paraje eder hauetan.