Maitasun erromantikoaren mitoa desagerrarazteko kanpaina

Aikor aldizkaria 2025ko ots. 13a, 11:45

Bihar, otsailak 14, San Valentin eguna ospatuko dute askok, eta dataren harira, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak kanpaina bat ipini du abian, maitasun erromantikoaren mitoaren estereotipo kaltegarriak desagerrarazteko.

Aldundiak gune bat atondu da Bilboko Intermodal geltokiko plazan, bi pertsona elkarrekin gelditzen diren lehen aldia birsortzeko eta desberdintasuna iraunarazi dezaketen maitasun-dinamikak hausnartzeko. Horretarako, hainbat galdera egiten dira; adibidez, hurrengo hauek: Ez naiz ezer zu barik? Jeloskorra izatea benetako maitasunaren ikurra da? Gizarte-sareetan beste pertsona batzuei like ipintzen badiet, bikotekidea traizionatzen dut? Maitasun erromantikoaren mitoak desberdintasuna sortzen du? Helburua da herritarrei pentsaraztea harreman osasuntsua izatea zer den, eta sentikor bihurtzea bereziki emakumeentzat kaltegarria den maitasunaren kontzeptuarekiko.

Datu kezkagarriak gazteen artean

Kanpaina formatu digitalean eta gizarte-sareetan ere zabaldu da, batez ere gazteengana ailegatzeko. Izan ere, Aldundiak esandakoaren arabera, “datuek agerian uzten dute premiazkoa dela berdintasunaren eremuan aurrera egiten jarraitzea”. Esaterako, Arartekoak iaz egindako Jarrera matxistak Euskadiko nerabeen eta gazteen artean azterlanean jaso denez, hamar gaztetik ia hiruk uste dute jeloskortasuna maitasunaren erakusgarria dela. Gainera, Euskadiko gazteen 2024ko egoeraren diagnostikoan batu denez, 15 urtetik 29 urtera bitarteko 1.000 emakumeko, emakume gazteen aurkako indarkeriaren tasa orokorra 9,8koa da, inoizko zifrarik altuena. Bestalde, Osasun Mundu Erakundeak jakinarazi du bikote-harremana izan duten nerabeen % 24k indarkeria fisikoa edo sexuala pairatu duela 20 urte bete baino lehen.