Uriarte txorierritarrak parte hartuko du Bizkaia Torneoan

Aikor aldizkaria 2025ko ots. 19a, 13:34

a: BFA

Barikuan, otsailak 21, Andrazkoen Esku-pilotako VII. Bizkia Torneoa hasiko da Bizkaia Frontoian, eta pilotarien artean Alaia Uriarte Gordon dago. Uriarte Sondikakoa da eta Lezamako Pilota Klubeko pilotaria ere bada. Torneoa 19:00etan hasiko da, eta lehenengo eta behin, Aldai eta Perez arituko dira Etxegarairen eta Capellanen kontra; eta gero, Uriarte eta Erasun, Ibarrolaren eta Mendizabalen kontra.

Torneoak bi fase izango ditu: alde batetik, Liga, otsailaren 21ean, 28an eta martxoaren 7an jokatuko dena; eta bestetik, Finalak, martxoaren 14an. Jardunaldi bakoitzean bi partida jokatuko dira, bakoitza 22 tantora. Partida bakoitzeko irabazleek puntu bat lortuko dute, eta galtzaileek ez dute punturik batuko. Ligako lehenengo bi sailkatuak finalera ailegatuko dira. Torneoa Bizkaia Frontoiaren gizarte-sareen bidez ikusi ahal izango da. Bizkaia Frontoiak antolatutako eta Bizkaiko Foru Aldundiak babestutako torneoa da.