Txorierriko albisteak, Mastodon gizarte-sarean

Aikor aldizkaria 2025ko ots. 26a, 14:41

aikor Txorierriko aldizkariaren informazioa Mastodon gizarte-sarean ere topatu dezakezue jadanik. Izan ere, TOKIKOMek –aikor eta beste 77 euskarazko tokiko komunikabide batzen dituen taldeak– tkm.eus sortu du, tokiko edukian espezializatuko den Mastodon gizarte-sareko nodoa. Erabiltzaileek @aikor@tkm.eus kontuaren bidez jarraitu ahalko diozue gure edukiari.

Tokikomen aspalditik gabiltza oso kezkatuta gizarte-sare korporatiboek hartu duten bidearekin. “Desinformazioa, eskuin muturreko interesen defentsa eta erabiltzaileen osasun mentalaren eta fisikoaren gaineko kalteak gero eta nabarmenagoak dira, eta gaiztotze-prozesu hori asko bizkortu da azken urtebetean. Iruditu zaigu badela garaia aurrerapauso bat egiteko, gure zein gure irakurle, ikus-entzule eta erabiltzaileen onerako”, azaldu du Joxe Rojasek, tokikomeko Komunikazio eta ikt zuzendariak.

Erresuma Batuko bbc irrati-telebista publikoaren ereduari jarraituta, tkm. eus-en tokikomeko  komunikabideak eta profesionalak zein kolaboratzaileak baino ezin dira erregistratu, eta 10 puntuko araudi zorrotz bati jarraitu behar diote, besteak beste, informazioa eta iritzia ondo bereizita. “Euskarazko zero kilometroko informazio-iturri fidagarria eskaini nahi dugu, Mastodonetik erraz jarraitzeko moduan”.

Iban Arantzabal da tokikom presidentea, eta sakonago azaldu ditu pauso hau egiteko arrazoiak. “Estatu Batuetako multinazionalek kontrolatutako gizarte-sareak plaza publiko moduan aurkeztu dizkigute urteetan, baina ez dira, eta gero eta lerratuago daude euren jabeen interesen alde, erabiltzaileen kaltetan bada ere. Oraindik jende asko erakartzen dute, eta beharbada haietan egoten jarraitu beharko dugu denbora batez, baina, hedabide moduan, gero eta beharrezkoagoa iruditzen zaigu gure jarduera soziala gure kontrolpeko plataformen bidez egin ahal izatea, ildo editoriala geuk ezarrita, eta ez Estatu Batuetako eskuin muturreko milioidun apetatsu batek. Europara ere hedatu dituzten euren eginahalak eta aurpegia aldatu barik esan dute ez dutela albiste faltsuak an- tzemateko baliabiderik jarriko. Emakumeei etxetresna-tratamendua ematea ez dute eragotziko, eta transak gauzatzat jotzea baimenduko dute. Ez gara gu izango kakatza horren menpe jardungo dugunak, ezta gure informazioa hor dagoelako euskaldunak plataforma horietan ibiltzera «gonbidatzen» ditugunak ere. Euskarazko edukien zaleak anima- tzen ditugu gure edukiak gure webgunetan, aplikazioetan zein Mastodon gizarte-sarean jarraitzera”.

Erabiltzaileen aldeko sare alternatiboak

TOKIKOMeko ordezkariek nabarmendu dutenez, Mastodon sareko zerbitzari guztiak bezala, tkm.eus autokudeatua da. “Algoritmoetatik eta Estatu Batuetako aberatsen eragin-eremutik kanpo dago, eta horregatik soilik merezi du probatzea. Sare honen helburua benetan da erabiltzaileei komunikatzeko tresna bat eskaintzea, eta ez inoren poltsikoa edota eragin politikorako ahalmena handitzea.

Mastodon da hainbat komunitate txikik osatutako sareen sarea, eta haren atzean ez dago korporazio multinazional gaiztorik: bere helburu bakarra da erabiltzaileen arteko komunikazioa sustatzea. Hori dela eta, tokikomek sortu du tkm.eus, Mastodon sareko zerbitzari bat, tokiko informazioan espezializatuta dagoena. Taldeko hainbat komunikabidek kontua zabaldu dugu bertan, eta, hasieran esan moduan, Aikor aldizkariaren edukiari @aikor@tkm.eus kontuaren bidez jarraitu ahal diozue.

tokikom osatzen dugun hedabideok kooperazioaren, autonomiaren, jasangarritasunaren eta komunitate digital libreekiko errespetuaren balioekin identifikatzen gara, eta bat egiten dugu Goazen lagunok! egitasmoarekin. Horregatik, gonbidatu nahi zaituztegu korporazio erraldoien menpeko gizarte-sare komer- tzialetatik Mastodon bezalako gizarte-sare irekietara pasatzera: algoritmorik gabe eta batez ere geuretik eta geuretzat sortuak.

Nola jarraitu

Sortu dugun kontu berriari jarraitzeko, errazena da Mastodon sareko kontu batetik jarraitzea. Dagoeneko Mastodon kontua baduzu, sartu gure kontua bilaketa-kutxan, eta berehala jarraitu ahalko diguzu. Baina oraindik ez baduzu Mastodon konturik, euskaraz funtzionatzen duten bi zerbitzari daude aukeran: www.mastodon.eus eta www.mastodon.jalgi.com. Bietan oso erraza da kontu berria irekitzea.