Sondikan, esaterako, elkarretaratzea egingo dute zapatuan, martxoak 8, Inauterietako herri-bazkaria baino lehen. Gainera, Garrasia talde feministak azaldu duenez, gaueko kontzertuen aurretik agertokira igoko dira, jaietan egongo den erasoen aurkako protokoloa azaltzera. Bestalde, domekan, martxoak 9, “A tribute to women” kontzertua izango da 19:00etan, San Joan Bautista elizan. Ikuskizunak musika eta poesia uztartuko ditu, eta bertan Rossini eta Txuma Olagüe abesbatzek hartuko dute parte. Abesti bakoitza hainbat egileren bertso eta poemekin aurkeztuko da, eta errezitalak emakumeek egingo dituzte. Gainera, martxoaren 18n, lehenengo hilekoari buruzko tailerra egingo da Sondikako Ludotekan, 19:00etatik 21:00etara. Zehatz-mehatz, aldibereko bi tailer izango dira: bata gurasoentzat, gaztelaniaz, eta bestea, 9 urtetik 13 urtera bitarteko umeentzat, euskaraz. Izen-ematea martxoaren 13ra arte egin daiteke 688 654 649 telefono-zenbakira whatsappa bidalita edo berdintasuna@txorierri.eus helbide elektronikora idatzita.
Zapata Gorriak Zamudioko talde feministak antolatuta, El despotorre umorezko saioa egongo da eguenean, martxoak 6, Ane Lindaneren eta Rakel Torresen eskutik. Saioa 19:00etan izango da Zamudiotorren. Bestalde, barikuan, martxoaren 7, “Zamudioko emakumeak bidean” egitasmoa aurkeztuko dute 19:00etan, Kultura Etxeko gimnasioan, Zapata Gorriak, Lagunandre eta Anpuluek taldeek. Azaldu moduan, herrian eragina izan duten eta duten 27 bat emakume elkarrizketatu dituzte, eta haien testigantza erabilita ibilbide bat sortu dute. “QR kodeen bidez, herriko hainbat lekutan, euren testigantza eta gizarteari egindako ekarpena ezagutuko dugu. Ibilbidea hurrengo egunean, martxoak 8, 11:30ean inauguratuko da Leizaola plazatik”, adierazi dute. Ondoren, 12:30ean, elkarretaratzea egingo dute Leizaola plazatik, eta manifestazioan irtengo dira handik.
Beste alde batetik, Ausartak Lezamako antzerki-taldeak Será o no será lana aurkeztuko du jendaurrean martxoaren 7an, 19:30ean, Kultur Aretoan. Moreak talde feministak, Lezamako Udalak eta Berdintasun Kontseiluak elkarretaratzera deitu dute hurrengo egunerako, martxoak 8, 13:00etan, herriko plazan. Ostean, Burrundadie danbor-bandak saioa egingo du. Hurrengo egunean, martxoak 9, 12:30ean, bertso-saio feminista egongo da Kultur Aretoan, bertsolari hauek parte hartuko dutela: Alaia Martin, Uxue Alberdi eta Nerea Ibarzabal; gai-jartzailea Amaia Agirre izango da. Azkenik, martxoaren 25ean, 18:00etan, lehen hilekoari buruzko tailerra egingo da eskolan.