Lineen arteko autobus-aldaketa doakoa izango da Bizkaibusen

Aikor aldizkaria 2025ko mar. 21a, 13:51

Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, apirilaren 1etik aurrera doakoak izango dira Bizkaibuseko lineen arteko autobus-aldaketak. “Helburua da tarifa-sistemako desberdintasunak zuzentzea, eta bermatuko da sare barruan lineen arteko autobus-aldaketa egin behar dutenek zuzeneko lineen erabiltzaileek beste ordaintzea”, azaldu dute.

Neurriaren bidez, “Bizkaibusek garraio publiko bidezko, irisgarri eta eraginkorrago baten aldeko konpromisoa sendotzen du, eta mesede egiten die, udalerri urrunetan bizi direlako edo ordutegia dela eta, bidaia hainbat etapatan egin behar duten erabiltzaileei”. Autobus-aldaketa doakoa izango da, baldin eta gehienez 30 minutu pasatzen badira lehen autobusa hartzen denetik bigarren autobusa hartzen den arte. Gainera, neurria bakarrik joaneko ibilbideetan ezarriko da; hau da, ez du balio izango itzultzeko. Bestalde, autobusaz gainera, metroa, trena edo tranbia ere hartu behar bada, Bizkaiko Garraio Partzuergoaren aldaketa-politika ezarri, eta bi bidaietan % 20eko deskontua egingo da. Aurreikuspenaren arabera, neurriak bataz beste % 25 aurreztea ekarriko die erabiltzaileei. Hasiera batean, neurria eragingo die Barik txartela erabiltzen duten eta Bidai titulurik ez duten pertsonei, “gainerako tituluek dagoeneko hobariak dituztelako”.