Asua ibaiak gainezka egin zuen hainbat lekutan, eta eragozpen handiak izan ziren

Aikor aldizkaria 2025ko mar. 25a, 14:47

Atzo botatako euri-jasen eraginez, Asua ibaiaren emaria asko handitu zen atzo eta gainezka egin zuen Txorierriko hainbat lekutan. Ondorioz, eragozpen handiak izan ziren errepideetan, bideetan eta etxabeetan, atzo eguerdian eta arratsaldean. Esaterako, ur-putzu handi bat zela eta, Loiu eta Asuaren arteko BI-704 errepidea trafikorako itxi zen arratsaldeko 5etan ordubetez, harik eta suhiltzaileek ura atera zuten arte.

Era berean, Txorierriko korridoreko eta Ibaiondo auzoko sarrerak itxi ziren Sondikan, baita Izarza auzoan ere, Olaranzko bidean. Zamudion ere ur-putzuak sortu ziren zenbait lekutan, eta kiroldegia eta Errekaldeko futbol-zelaia itxi ziren, abisu berria eman arte. Bestalde, suhiltzaileek jakinarazi dute ura atera behar izan zutela Zamudioko, Derioko eta Lezamako etxabe batzuetatik. Gainera, auto bat ur-putzu handi batean gelditu zen Derion, ez aurrera, ez atzera, eta auto barruan pertsona bat zegoen. Suhiltzaileek pertsona hori erreskatatu behar izan zuten. Halaber, auto-istripua izan zen Txorierriko korridorean, Derio parean, eguerdian. Segurtasun sailak jakinarazi zuenez, auto bat ur-putzuen eraginez irten zen bidetik, eta langileek motoponpen bidez kendu behar izan zuten errepidean zegoen ura. Zorionez, ez zen zauririk izan, baina auto-ilarak egon ziren arratsaldeko 5ak arte. Ur-putzuek trafikoa zaildu zuten hainbat lekutan.