Osasun Munduko Erakundeak, adibidez, erabateko ongizate fisiko, mental eta sozial moduan definitzen du osasuna. Hau da, gorputz fisikoaz gain, egoera emozionalari eta sozialari ematen dio garrantzia. Psikoneuroinmunologiak, gor- putzaren eta buruaren arteko loturak marrazten dituen zientzia berriak, bestalde, ikertu du emozioek gure nerbio-, immunitate- eta hormona-sisteman duten eragina, eta nola estresak gaixotasunak eragin ditzakeen. Osasuna definitzeko, antzinako medikuntza tradizionalek ere energia eta gorputza lotu dituzte beti. Eta ez hori bakarrik; elikadurak eta emozioek gorputzean eragiten dituzten sintomak ere deskribatzen dituzte.
Beraz, osasuna modu integralean definitzea ez da berria; orain arte izan dugun ulertzeko modua esnarazten gabiltza, besterik ez. Zertaz ari gara, orduan, emakumeen osasun integralaz hitz egiten dugunean?
Gure burua modu holistikoan ulertzea da gure osotasuna osatzen duten alderdi ezberdinak kontuan hartzea, haien arteko lotura ulertuta. Gainera, zati bakoitza gainerakoekin duen erlazioan bakarrik ulertu daiteke, eta ez isolatuta. Gure burua osatzen duten zati guztiek armiarma-sare polita osatzen dute, eta guztiak garrantzitsuak dira, eta guztiek eragina dute gure ongizatean. Horrela, ezin liteke gure umetokiaren eta obulutegien funtzioa ulertu, gure elikadura-ohiturei arreta eman gabe. Gure lo-patroiak sistema hormonala erregulatzen du. Ingurumeneko toxikoek gure gibelaren funtzioa eragozten dute, hormonak desorekatuz eta, ondorioz, obulutegien funtzioa aldatuz. Lanean dugun rolak, amarekin dugun harremanak, nerabezaroa nola eman dugun, eta bizitzan hartu ditugun antibiotiko edo farmakoek eragina dute gaur egun garen emakumearengan.
Gabor Maté doktoreak bere azken liburuan azaldu duenez, bizitzan izan ditugun traumek, bai txikiek, bai handiek, gure bizitza moldatzen dute. Edo Nicolas Olea doktoreak ikertu duen moduan, gizarte industrial honetako toxikoek emakumeengan dute eragin handiagoa, gure gorputzean estrogeno bilatzen baitira, eta horiek sintomak eta gaixotasunak sortzen dituzte.
Hamaika adibide eta ikerketa daude, eta hurrengo idazkietan sakonduko ditugu. Baina gauza bat argi dago: ez gara gorputz fisikoa besterik gabe. Eta hori ulertzeak desikaste-prozesu bat eskatzen du, nahitaez burujabetasuna dakarrena. Gure osasuna gurea da, gure prozesuak gureak dira, eta gure gorputzak, gureak.