Txapa paparrean, 1.200 pertsonak baino gehiagok egin dute Euskaraldiarekin bat Txorierrin

Aikor aldizkaria 2025ko mai. 15a, 11:46

“Elkar mugituz egingo dugu” lelopean, gaur, maiatzak 15, Euskaraldiaren laugarren edizioa hasi da eta maiatzaren 25ean amaituko da. Txapa paparrean, ahobizi eta belarriprestek 11 egunean saiakera egingo dute euren hizkuntza-ohiturak aldatzeko eta euskaraz gehiago eta erosoago egiteko. Txorierrin, 1.276 pertsonak eman dute izena, baina arduradunek adierazi moduan, espero da lehenengo egunetan 200 lagun gehiagok bat egitea ariketa sozialarekin.

Herrietako datuei dagokienez, Larrabetzun 362 pertsonak eman dute izena aurtengo edizioan; 245ek, Derion; 220k, Sondikan; 174k, Zamudion; 171ek, Lezaman; eta 103k, Loiun. Horiek guztiek, belarriprest edo ahobizi izanda, ahalegina egingo dute, gutxienez aste eta erdian, lehen hitzak euskaraz egiteko, eta elkarrizketa elebidunak han eta hemen ugarituko dira. Txapa jantzita ibiliko dira 11 egunean, kalean, lanean eta aisialdian euskaraz erosoago aritzeko. Beste alde batetik, gogora ekarri behar da norbanakoez gainera, hainbat enpresak eta erakundek ere Euskaraldian parte hartzen dutela eta langileak animatzen dituztela euskaraz egitera.

Sondika

 

 

Zamudio

 

 

Derio

 

 

Larrabetzu

 

 

Lezama