Egitura-aldaketa izango du aurtengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketak

Aikor aldizkaria 2025ko eka. 11a, 12:22

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa irailaren 28an hasiko da Urdulizen, eta finala abenduaren 20an jokatuko da Casillan, Bilbon. Txapelketak egitura-aldaketa ekarriko du aurten: lehenengo fasean bost saio egingo dira, finalaurrekoak buelta bitara jokatuko dira, eta, azkenik, finala.

Ione Narbaziza Bizkaiko Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak azaldu duenez, “txapelketa bat amaitu, eta segidan hasten da hurrengo antolatzen. Balorazio-batzar horietatik etorritako erabakietako bat izan da egitura-aldaketa”. Aldaketarako arrazoi nagusia da finalaurrekoek ondo funtzionatzen dutela. “Jende asko batzen da eta oso giro polita egoten da. Bertsolariei saio gehiago ematea eta maila horretako saioak Bizkaiko herri gehiagotara heltzeko aukera polita da”.

Horrela, lehenengo fasean 30 bertsolarik kantatuko dute: Udabarria Bertsotanetik sailkatutako 21 bertsolarik eta 2023an finalaurrekoetan kantatu zuten beste 9 bertsolarik. Finalaurrekoetako lehenengo bueltara 11 bertsolari sailkatuko dira, eta han izango dituzte zain finalaurrekoetara zuzenean pasatu diren 7 bertsolariak: 2023an finalista izan zirenak. 18 horietatik 12 sailkatuko dira finalaurrekoetako bigarren bueltara. Eta bi bueltetako puntuazioak batuta erabakiko da finalean kantatuko duten bertsolariak zeintzuk izango diren.

Azken txapelketen finala Bilbao Arenan izan bada ere, aurtengoan Casillan egitea erabaki du Txapelketako Talde Antolatzaileak: "Aldaketa koiunturala izan da, Talde Antolatzaileak egokiago ikusi du aurten finala hor egitea". Bestalde, aurtengoa Txapelketa Nagusirako puntuagarria den txapelketa da. Bizkaitik 10 bertsolari sailkatuko dira 2026ko Txapelketa Nagusira.

Saioetako sarrerak erosteko www.bertsosarrerak.eus atarian dago aukera. Oraindik sarrerarik geratuko balitz, egunean bertan txarteldegia zabalduko litzateke: lehenengo fasean 16:30etik aurrera; finalaurrekoetan, 16:00etatik aurrera; eta finalean, ostera, 15:30etik aurrera. Txapelketari eta saioei buruzko informazioa hemen kontsultatu daiteke.