ARRAKALA DIGITALA

Algoritmoek hezten gaituzte?

Patricia Barron San Blas · EHUko irakaslea eta ikertzailea gizarte zientzietan 2025ko eka. 17a, 11:13

Azken hamarkadan, digitalizazio prozesuan murgildu da ikaskuntza. Sare sozialen agerpenarekin —eta bereziki eduki labur eta ikus-entzunezkoak eskaintzen dituzten plataformen gorakadarekin; hala nola, TikTok eta YouTube Shorts— gazteen informazio-kontsumoaren ohiturak errotik aldatu dira. Tradizionalki, hezkuntzaren arduradunak familia eta eskola baziren, gaur egun, aldiz, algoritmoak bihurtu dira iritziak, emozioak eta nortasunak eraikitzen dituzten eragile nagusi.

Algoritmoaren logika emozionala

Plataforma digital hauetako algoritmoak diseinatuak daude erabiltzailearen arreta denbora luzeagoz atxikitzeko. Horretarako, eduki estimulu-emankorrena lehenesten dute: polemikoa, dibertigarria edo emozionalki kargatua dena. Ondorioz, gazteek jasotzen duten informazioa beti egiaztatua ez da. Horren ordez, algoritmoak erabakitzen dituen ikuspegiak —sarritan sinplifikatuak edo polarizatuak— behin eta berriro aurkezten zaizkie, “echo chamber” edo oihartzun-kutxak sortuz. Hau da, algoritmoek antzeko edukiak etengabe erakusten dizkiete erabiltzaileei, haien iritziak sendotuz eta ikuspegi desberdinak baztertuz.

TikTok, kasu, ez da jada dantza edo umorezko bideoen plataforma hutsa. Bertan iritzi politikoak, konspirazio-teoriak edo sexualitateari eta identitateari buruzko diskurtsoak aurki daitezke. Eduki horiek sinesgarritasuna irabazten dute formatu erakargarriari esker, nahiz eta sarritan ez duten inolako oinarri zientifikorik edo akademikorik. Iker- tzaile askoren ustez, horrek informazioa joko bihurtzen du, non edukiaren balioa egiazkotasunaren ordez kontsumitzeko erraztasunaren arabera neurtzen den.

Ikaskuntza informalaren boterea eta arriskuak

OECDren eta UNESCOren txostenek azpimarratu dute ikaskuntza informalak pisu gero eta handiagoa duela gazteen bizitzetan; eta, horiek, zeharbidez, arrisku berriak pairatzera garama- tzate: desinformazioaren biktimak izatera, manipulazioa sufritzera eta ikuspegi kritikoa ez garatzera.

Maiz, TikTok eta YouTube Shorts bezalako formatu laburrek ez dute testuingurua azaltzen, eta horren faltak zailtzen du edukiaren egiazkotasuna baloratzea. Zenbait ikerketa zientifikok erakutsi dute gazteek informazio hori “automatikoki egiazkotzat” hartzeko joera dutela; bereziki edukiek emozio positiboak eragiten dizkietenean.

Hezkuntza berrien premia

Beraz, funtsezkoa da hurrengo galdera: gure gazteak nork hezten ditu? Algoritmoek hezigarriak izateko asmorik ez dute; horien helburua ez da kritika sustatzea, baizik eta arreta komertzializatzea. Horrexegatik, premiazkoa da hezkuntza formalean alfabetatze digitala sartzea; are gehiago: algoritmoek nola funtzionatzen duten ikasi behar dute gazteek, interes ekonomikoak kontuan izan beharko lituzkete, eta –zerrenda gehiegi ez luzatzearren– informazio faltsua edo manipulatua identifikatzeko kapazak izan beharko lirateke. Hezkuntza digitala, beraz, ez da aukera soilik, baizik eta gure gazteen askatasuna eta autonomia bermatzeko premia etiko eta soziala.