EMAUS

Derioko azokan izan ginen

Joanes Camara, Talde- eta komunitate-jarduerak kudeatzeko teknikaria 2025ko eka. 20a, 11:22

Badira bost urte Derioko komunitatearen parte garela, eta Emáus Gizarte Fundazioa hasiera-hasieratik azaldu da mota askotariko ekimenetan parte hartzeko prest, herriko eragile komunitarioen arteko sareak sendotzeko asmoz. Horrela, joan den urtean bezala, herriko jaietan modu aktiboan parte hartzeko gonbidapena egin digu aurten Derioko jai-batzordeak. Zehatz-mehatz, maiatzaren 10ean egin zen herriko elkarteen eta erakundeen azoka herrikoian egoteko gonbidapena egin ziguten, herritarrengana modu zuzenagoan heltzeko eta, aldi berean, ingurua partekatzen dugun pertsonekin topaketa egiteko aukera izateko. 

Bitartean Programarentzat zaila da halako proposamen bati uko egitea, eta, horregatik, berehala hasi ginen lanean, erakusketa- edo informazio-stand bat prestatzeko, guri buruz gehiago jakin nahi zuen edonor hurbildu ahal izateko. Stand horretan ipini genituen gure lana zein den eta non gauden azaltzen duten panfletoak, gure ekimen nagusiak jasotzen dituzten aldizkariak, informazio korporatiboa eta gure egunerokotasunaren une garran- tzitsuak batzen dituen argazki-bilduma.

Standa muntatuta, izugarri poztu gintuen inguruan herritarrak, elkarteak, udalerriko eragileak, artisauak… ikusteak, eta, gainera, berretsi genuen hurrengo ideia hau: garrantzi-garrantzitsua da lan egiten dugun kolektiboa –hau da, gizartetik kanpo dauden pertsonak– eguneroko bizitza duten inguruan nahastea. Gainera, aurpegi batzuk aurretik ezagutzen genituen, haiekin batera hainbat proiektutan ibiliak garelako, eta hori ere oso ederra izan zen. Horien artean egon ziren Marikobaso Espazioa, Gure Señeak elkartea, Tximintx hizkuntza komunitatea eta Haszten elkartea.

Horrela, aurreko lerroetan esandakoa azpimarratzeaz gainera, PAI Bitartean programaren ordezkariok leku hau baliatu nahi dugu jai-batzordeari gonbidapenagatik eskerrak emateko. Era berean, adierazi nahi dugu Derioko hainbat aliaturekin atsegin handiz partekatzen ditugula gune komunak. Izan ere, modu honetan komunitatearen parte direla sentiarazten diegu gizartetik kanpo dauden pertsonei.