Seigarren edizioan, programaren lau ardatz nagusiak dira Herriak, Ondarea, Flysch Bizkaia eta Txakolina, eta horien baitan daude aurten ere Uribe kalitateko turismo-helmuga adimendun moduan sendotzen duten ekintza guztiak. Zentzu horretan, ekimenak garapen jasangarriaren helburuei erantzuten jarraitzen du, eta ekoizlearen eta bisitarien arteko harreman zuzena errazten du. Horren adibide dira txakolin-azoka eta txakolin-upeltegietara joateko gonbidapena: neurrira egindako eskaintza dela eta, bisita gidatuek, dastatzeek eta uztartzeek lehen mailako esperientzia enogastronomikoak bizitzeko aukera emango dute. Bakioko Txakolin Museoa-Txakolinguneak “Uribeko koloreak” jarduera eskaintzen digu, txakolinaren aniztasuna ezagutzeko, dastatze eta pintxo eta guzti. Gainera, Uribe On tour 2025 edizioan ere egitasmoaren ekintza nagusia topatuko dugu: Bizkaiko Flyscha. Uribe eskualdean eta Getxoko udalerrian ondare geologikoak duen balio turistiko handiak erakusten du oraindik ere ingurune honetan eskaintzen diren esperientziak gehien eskatzen direnak direla. Paisaia ikusgarri honetako jarduera nagusiak izango dira geologo adituek gidatutako bisitak eta abentura-jarduerak, adibidez, 4x4 ibilbideak. Beste aldetik, kulturari, ondareari eta familiari lotutako planek berriz ere leku nabarmena izango dute Uribe On tour 2025eko programazioan, eta Berango, Leioa, Mungia eta Plentzia bisitatu ahalko dira. Berangoko, Burdin Hesiaren Oroimenezko Museoan, esaterako, 36ko gerran Bilbo tropa frankistengandik babestea helburu zuen defentsa-eraikuntzaren historia interesgarria ezagutzeko aukera dago. Era berean, herri gehiago izango dira aurtengo edizioaren protagonista, programa ezberdinak dituztela: Gorlizko DASTATUARTE Food & Art jaialdia, Bakioko ibilbideak edo Zamudion eta Mungian dauden puntako bi artisau-garagardo fabrika bisitatzeko aukera. Uribe On tourreko bisita eta jarduera guztiak uztailean eta abuztuan egingo dira, eta www.uribe.eu webgunean kontsul- tatu daiteke 2025eko programa osoa, eta erreserbak egin. Edizio berri honen bidez, udako hilabeteetan Uribeko eskualdea sustatzeko hitzordu garrantzitsuenetako bat finkatu da, interesa eta parte-hartzea urtez urte handituz doazela.