Heriotzen kopurua %15,6 igo zen Txorierrin 2024an

Aikor aldizkaria 2025ko uzt. 15a, 14:38

Heriotza kopurua Txorierrin, 2023 eta 2024 urteetan

Eustatek argitaratu dituen datuen arabera guztira 215 lagun hil ziren iaz, baina kontuan izan behar da 2023an ohikoa den baino jende gutxiago zendu zela, 186 pertsona hil baitziren.

Eustatek gaur argitaratu ditu heriotzen datuak, eta zehazten du iaz %0,4 pertsona gehiago hil zirela Euskal Eutonomia Erkidegoan. Bizkaiaren kasuan %1,4ko hazkundea egon zen, eta gurean, Txorierrin, heriotzen kopurua %15,6 igo zen. Aipatu behar da 2023an ohikoa den baino jende gutxiago zendu zela eskualdean, 200 lagun inguru hiltzen badira urtero, 2023an 186 bizilagun hil ziren, eta iaz, 215.

Zehazki, 29 lagun gehiago hil ziren 2024an eskualdean. Larrabetzuk pairatu zuen hazkunde nagusia bere hildakoak %53,3 igo baitziren 2023tik 2024ra: 15 pertsonatik 23ra pasatu zen udalerria. Jarraian, Lezama dago, 19tik 27 hildakora heldu zen, %42,1eko hazkundea. Derion hildakoak %28,6 igo ziren, 14 pertsonen aldearekin 2023tik 2024ra. Urrun gelditzen dira Loiu, %12,5eko hazkundearekin, edo Sondika, %7koarekin. Zamudioren kasuan heriotzen kopurua  %19,4 jaitsi zen iaz 2023rekin alderatuta.

Heriotza-tasa dagokionez Txorierrik Bizkaia eta Euskal Autonomia Erkidegoa baino tasa baxuagoa du, %9,8koa baita, baina oso gertu daude besteak, lurraldearen %10,4 eta erkidegokoa %10,1 baitira. Guztira, 22.392 heriotza erregistratu ziren EAEn, horietatik Bizkaian 12.041 heriotza izan ziren.