Paella Txapelketa, igela jokoa, bingoa eta Sorgin Mozorro Lehiaketa dira Santimamiko jaietako nobedadeak

Aikor aldizkaria 2025ko uzt. 30a, 13:43

Abuztuaren 16an eta 17an “tradizio handiko” festa hauek ospatuko dira bailaran, Bilboko Aste Nagusiaren testuinguruan, baina jai-batzordeak jendea animatzeko itxaropena du.

“Santimamiko jaiak txikiak eta familia artean egoteko dira”, horrela definitzen ditu festa hauek Olatz Zubieta jai-batzordeko kideak. Aurten datak ez direla onak aitortzen du, Bilboko jaiak 16an hasten baitira eta 15ean jai eguna baita. Halere, jendea erakartzeko itxaropena ez du galtzen.

Hori dela eta, txupina botako dute zapatuko 11:30ean: “Zarata egitea dugu helburu, bailarak jakin dezan Santimamiko jaiak hasi direla”. Ondoren meza egingo da ermitan. Gainera, umeentzat herri kirolak eta jolasak antolatu dituzte. 14:00etan Paella Txapelketa egingo da lehenengoz. “Normalean sukalki eta tortilla egiten dira, baina aurten zapatua denez, jendea erakartzeko erabaki dugu hori antolatzea”, azaltzen du Zubietak.

16:00etan arrakasta handia duen Mus Txapelketa egingo dute: “Santimamin musera jolasteko ohitura handia dago, eta nabaritu dugu muslari gazte pilo bat dagoela”. Horretan emango dute arratsaldea, eta baita tortilla prestatzen ere, 20:00etan aurkeztu beharko baitira proposamenak. Irabazleak 40 euro eskuratuko ditu; bigarrenak, 25 euro; hirugarrenak, 15; eta guztiok garaikur bat eramango dute etxera. Laugarrenak garaikurra baino ez du eskuratuko. 

Gauean ohikoa da sardina errea jatea, baina aurten asteburua izanda eta ostirala jai eguna izanda, arraindegiak itxita daude; beraz, txorizoa sagardotan jango dute, eta txitxi-burruntzia domekan. Eguna amaitzeko DJ bat egongo da.

 
 
 
 
 
Ver esta publicación en Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

Una publicación compartida por Santimamiko jai batzordea (@santimamijaiak)

Abuztuaren 17an jolasak egongo dira haurrentzat. Bestalde, trikitilari eta panderojole talde batek joko du. Sukalki Txapelketa eta gero Bazkari Herrikoia egingo dute, eta bazkalostean bingora jolastuko dute lehenengoz. 18:00etan talo bat egitera ikasiko dute tailer batean.  Ondoren, igelaren jokora jolastuko dute. “Antzina bailara osoan asko jokatzen zen, eta berreskuratu nahi dugu”, azaltzen du Zubietak. Irabazleak bokata eta edari bat irabaziko ditu.

21:30ean DJ egongo da, eta 22:00etan Sorgin Mozorro Lehiaketa egingo dute jaiak animatzeko. Gainera, urtero legez jai-batzordeak sorgina aterako du. Azkenik, jaiei amaiera emateko txokolatea bananduko dute.

2009tik aurrekontu bera

Egoera zaila dute aurten datak direla eta, baina horri batzen zaio ekintza erakargarriak antolatzeko diru falta: “Zamudioko eta Derioko Udalek laguntzen dirua ematen digute jaiak antolatzeko, eta eskertu beharra daukagu, baina 2009tik ez dute  dirulaguntza mugitu ere. Lehen Santimamiko jaiak zoragarriak ziren, baina daukagun dirutxoaz …”